Espetxean sartu dute Algortako tabako-denda baten ustezko lapurra

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 9a, 09:30
Susmagarriari atzemandako pistola. © ERTZAINTZA

Ertzaintzak 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den astelehenean; aurretik leporatu zioten joan den otsailean Getxoko estanko batean beldurra erabilita lapurreta egin izana. Ustezko lapurra eskuan pistola hartuta sartu omen zen establezimenduan, eta jabea beldurtu ondoren dirua hartu zuen, polizien arabera.

Ertzaintzak bere susmoak bideratu zituen polizia-aurrekariak dituen gizonezko batengana, eta zaintzeko eta jarraipena egiteko dispositiboa ipini zuen abian. Azkenean, astelehenean arrastatu zuten gizona Arrigorriagan, eta bere etxean aurkitu zuten ustez lapurretan erabilitako arma. Martitzenean, epailearen aurrera eroan ondoren, atxilotua espetxean sartzeko agindua eman zuen jujeak.

Lapurreta otsailaren 14an gertatu zen, arratsaldeko azken orduan, Algortako estanko batean. Saltzailea bakarrik zegoen lapurra establezimendura sartu zenean, eta pistolari bi eskuakaz helduta "tiraderako diru guztia" emateko esan zion.

Behin gura zuena lortu zuenean, lapurrak dendaostean sartzeko eta hamar minutuan handik ez irteteko esan zion saltzaileari. Lapurrak alde egin eta ia berehala sartu zen estankoan ohiko bezero bat, eta orduan deitu zuten Ertzaintzara.

Pistola bat etxean

Polizia-ikerketan delitugilearen jokabidea eta bere ezaugarriak aztertu zituzten eta arma segur aski benetakoa izango zela ondorioztatu zuten, eta ondorioa izan zen lapurra eskarmentu handiko gizonezkoa zela eta segur aski aurrekariak izango zituela, beldurra erabilita lapurreta egitean.

Ikertzaileek ezaugarri horiek betetzen dituen gizonezko bati buruzko susmoak zituzten, azkeneko espetxe-zigorra 2018ko urtarrilaren bukaeran amaitu zuena. Hala, joan den astelehenean, martxoaren 5ean, Getxoko Ertzain-etxeko poliziek Arrigorriagan aurkitu eta atxilotu zuten susmagarria. Jarraian, eta atxilotua aurrean zela, alokatuta zuen gelan sartu ziren eta berau miatu zuten. Ertzaintzaren arabera, bertan kartoizko kaxa bat aurkitu zuten, armairuetako baten gainean ezkutatua; barruan poltsa bat zegoen, barruan pistola erdiautomatiko bat eta munizio ugari zeuzkana.

Polizia-izapideak amaitu eta asteartean eraman zuten atxilotua Getxoko Guardia-epaitegira, eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun