Izan ere, 2016ko maiatzean, EH Bildu akordio politiko batera heldu zen Getxoko udal-gobernuarekin; bertan, Getxoko lehenengo sektorearen azterketa egitea jaso zen. 2018ko urtarrilean, horren inguruan egindako emaitzak ezagutu ziren.
Azterketak proposatu dituen neurri estrategikoak, besteak beste, honako hauek dira: baratze eta lur eskasiari aurre egiteko neurriak martxan ipintzea; instituzioen eta ekoizleen arteko harremanak sendotzea; azoka bezalako merkataritza- eta banaketa-guneak hedatzea; kontzientziazio-dinamikak martxan jartzea herritarren artean eta sektorearen saretzea.
Nerea Guijarrubia zinegotziak adierazi duenez, "egindako azterketa lehenengo sektore ahul baten erradiografia da; izan ere, urteetan ez da politika bat bera ere egon herriko lehenengo sektorea sustatze aldera. Gainera, gure jendartean dabilen joera azaltzen da bertan: bertokoa eta osasuntsua jateko gero eta ohitura handiagoa, alegia".
EH Bildutik aitortu dutenez, "ezinbestekoak dira lur-arazoa konpontzea eta lur urbanizagarrien deskalifikazioa, horietako asko lehenengo sektorearen garapenera bideratu ahal izateko". Bestetik, eskatu dituzte bertoko produktuen kontsumoa eta jaki ekologiko eta osasuntsuen mezua zabalduko duten kontzientziazio-kanpainak Udalak berak ere egin ditzan.
Hala, EH Bilduk eskatu dio udal-gobernuari: "lehenengo sektorearen inguruan egingo duena ez dadila azterketa soilera mugatu, harago joan dadila; egin dezala apustu lehenengo sektorea garatzearen alde, herri denek, eta Getxok ere, ezinbestekoa dute eta".