Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, domekan arrastiko 18:00ak aldera jazo zen erasoa Algortako erdigunean. Iturri horren arabera, lekuko batek Ertzaintzari deitu zion borroka bat gertatzen ari zela eta parte-hartzaileetako batek labana bat atera zuela ohartarazteko. Ertzaintza bertaratu zen eta gizonezko batek aurpegian zauria zuela ikusi zuten.
Zaurituak ertzainen aurrean salatu zuenez, bera kolpatu aurretik labana bategaz mehatxu egin zion erasotzaileak. Gainera, bularraren parean ebaki bat egin zion jakan.
Ustezko erasotzailea inguruan zebilen oraindino eta ertzainek atxilotu egin zuten, lesio eta mehatxu delituak leporatuta. Atxiloketaren unean, labana gainean zeraman, iturrien arabera.