"Aniztasunaren alde, diskriminazioaren aurka" da urtero Getxoko Udalak, gizarte entitate eta herritarrekin elkarlanean, antolatzen dituen jardueren leloa, martxoaren 21ean ospatzen den Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta. Jardueren helburua da kultur aniztasunaren ikuspegi positiboa era aktiboan sustatzea, "kultur artekotasunaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako hiri eredu inklusiboan eta hori lortzeko lan egiten ari gara udala, gizarte entitateak eta herritarrak, datorren abenduan 70 urte beteko dituen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean inspiratuta", nabarmendu du Elena Coria Immigrazio eta Kultur artekotasuneko Unitateko zinegotzi arduradunak.
Jardueren egitaraua
Arrazakeriaren aurkako tailer eta DJing/Hip-Hop saioak emango dio hasiera egitarauari, Jota Mayúscula eta Betto Snayren eskutik, zapatuan, martxoak 17, 12:00etatik 13:30era, Algortako Gaztelekuan. Parte hartu gura duten pertsonek izena eman behar dute udal webgunean: www.getxo.eus/ekintzak.
Aste-akabuan zehar, zapatuan eta domekan, Aisibizia, eta Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko gaztelekuetako gazteek kultura-arteko murala egingo dute Portu Zaharreko aparkalekuan, 09:00etatik aurrera, eguraldiaren baldintzak egokiak badira.
Eguenean, martxoak 22, 19:00etan, Astiberrik argitaratutako "Un regalo para Kushbu: historias que cruzan fronteras" izenburuko komikia aurkeztuko dute Adi Espacio-an (Basagoiti etorbidea, 56), Susanna Martín egile eta ilustratzaileak eta Soly, istorio bateko protagonistak eta Bartzelonako "Espai Mescladis" proiektuaren arduradunak.
Zineklub zikloak "Detroit" filma proiektatuko du barikuan, hilaren 23an, 21:00etan. Bertan 1967an gertatutako arrazakeriako istiluak ikus daitezke.
Hurrengo egunean, zapatuan, 12:00etan, Getxo Elkartegian babes-gabezia, populismo eta xenofobiari buruzko berbaldia izango da, Imanol Zubero eta Andrea Ruiz Balzolarekin. Bestalde, Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioak etxebizitzaren alokairua, oztopoak eta konponbideei buruzko etorkizuneko tailerra antolatu du apirilaren 7rako, zapaturako, 11:00etan, Algortako Gaztelekuan. Izenematea: federacionplataformagetxo@gmail.com.
Azkenik, Matiz elkarteak eta liburutegiek aniztasunean dagoen bizikidetza jorratzeko hiru tailer jarri ditu martxan, ipuinen bitartez, 4 eta 6 urte bitarteko umeentzat, barikuetan Gobelako liburutegian eta zapatuetan Villamontekoan. Informazio gehiago: www.getxo.eus.