Joan den urteko proiektuan Ramiro Pinilla eta Toti Martinez de Lezea idazleek parte hartu zuten. Aurten, aldiz, Itziar Minguez Barakaldoko poeta gonbidatuko dute. Aixerrotako Batxilergoko bigarren urteko ikasleek garatu dute proiektua eta, adierazi dutenez, “Udalak, kultura sailari esker, gure eskura utziko du, apirilaren 20an, Telletxe plazan kokatuko den karpa, bertan egongo dena liburuaren aste osoan zehar”.
Bertan, ikasleek proiektua zabalduko diete Getxo auzokide denei; adin denetako pertsonei Instagram eta Twitterren funtzionamendua azaldu eta poesia tailer bat egingo dute, Itziar Minguez idazleagaz. Azkenik, Minguezek bere zenbait poesia errezitatuko ditu arrastian, ekimenari amaiera emateko.