Trafiko-istripuak prebenitzeko programa helduko da barikuan Getxora

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 15a, 10:28

Getxoko Aixerrota institutuko 15 eta 19 urte arteko ikasleek parte hartuko dute ekimen horretan, hiru saiotan banatuta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren "Don’t be Dummy | Zuk ez duzu ordezkorik" ekitaldi ibiltariak antolatu ditu Baleuko enpresak. Ekitaldi horiek trafiko-istripuak prebenitzeko sortu dira eta EAEko ikastetxe ez unibertsitarioetako gazteei zuzenduta daude.

Martxoaren 16an, barikuan, hiru saio egingo dituzte Aixerrota institutuan. Lehena, goizeko 08:30ean izango da, eta bertan DBH4ko ikasleek parte hartuko dute; 09:30eko saioa 1. batxilergoko ikasleentzako izango da; eta, hirugarren eta azken saioan, 11:45ean, 2. batxilergokoek parte hartuko dute.

Orain arte, Araba, Bizkaia de Gipuzkoako 14 udalerritan egon da ekitaldi ibiltaria; Durango, Zarautz, Eibar, Gernika, Ermua, Irun, Galdakao, Amurrio, Agurain, Laudio, Zornotza, Arrasate, Eskoriatza eta Tolosan, hurrenez hurren. Aurtengo ikasturtean momentuz 5.600 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte eta 28 bat lagun beraien esperientzia pertsonala kontatzera ausartu dira, arduradunek azaldu dutenez.

Bestalde, “Don’t be Dummy” hezkuntza-programagaz lotzen den “Zuk ez duzu ordezkorik” bideo eta audio lehiaketa martxan dago. Horren bidez, Trafiko Zuzendaritzak trafiko-istripuak saihestu gura ditu eta mugikortasun iraunkorra sustatu gura du gidari hasiberrien artean. Maiatzaren 6ra arte izena eman daiteke www.trafikoa.dontbedummy.eus webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun