Nerea Guijarrubia zinegotziak adierazi duenez, “guk gazteentzat proposatzen ditugu etxebizitza hauek, emantzipazioaren inguruan bizi duten arazoari aurre egin nahian. Etxebizitza kolaboratiboak egokiak dira kolektibo bat baino gehiagorentzat; guraso bakarrentzat edota pertsona adinduentzat, esaterako”.
Joan den urtean, EH Bilduk etxebizitza-plana aurkeztu zuen. Bertan honako neurriak azaltzen ziren: alokairurako diru-laguntzak indartzea; Udala promotore izatea alokairu sozialeko etxebizitzetan; etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak; etxebizitza-eredu berrietaranzko urratsak ematea; eta horien artean kokatu zuten gazteentzako etxebizitza kolaboratiboen proiektua.
Gazteek euren iritzi eta ekarpenak egiteko fase bat zabaldu gura du EH Bilduk, sare sozialen bidez, besteak beste.
Etxebizitza kolaboratiboen ezaugarriak
EH Bilduk azpimarratu duenez, abantaila ugari eskaintzen dituzte etxebizitza kolaboratiboek: “Alde batetik ekonomikoak, etxeko fakturak partekatzean bizilagunek gastu gutxiago izango dituztelako. Bestetik, ingurugiro-abantailak, kontsumoa partekatzeak energiaren erabilera optimizatzen duelako. Eta azkenik, sozialak azpimarratu nahi ditugu, biztanleek hobeto kontziliatu ditzaketelako bizitza pertsonala, familiarra eta profesionala”.