"Iragartze" dokumentala estreinatuko dute martitzenean Bilbon

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 19a, 19:08
Filmaren fotograma bat. © IRENE HERRERO DEL VALLE

Bihar, martitzena, "Iragartze" film-dokumental laburra lehenengo aldiz proiektatuko da BBK Aretoan, Bilboko Kale Nagusian, 19:00etan. Filmean ikusiko dugu Iragartze Fernández Esesumaga (Getxo, 1993) algortarraren ohiko aste bat. Hirugarren Mailako arbitro laguntzailea eta erizaina da Fernández, Bizkerreko jokalari ohia izateaz gainera.

Irene Herrero del Vallek idatzitako eta zuzendutako dokumentalean ikusiko dugu Iragartze Fernándezek zenbaterainoko ahalegina egiten duen egunero-egunero, arbitrajeak bere bizitzan leku garrantzitsua izan dezan. Izan ere, "Iragartze" ez da futbolaren gaineko dokumental arrunt bat. Helburu bi lortu gura ditu: batetik, arbitroek futbolarekiko grina egunerokogaz uztartzeko egiten duten ahalegina ikustaraztea eta, bestetik, futbolzaleei hori ulertaraztea eta toleranteago eta ulerkorrago izan daitezen sustatzea.

Gainera, historia hori emakumezko epaile baten ikuspegitik kontatuta dago: Iragartze Fernández Esesumaga da protagonista, gizonezkoen mundu batean diharduen emakumezko arbitroa. Irene Herrero del Vallek honela laburbildu du zortzi minutuko film labur baina bizi-bizi hori: "ikusi besterik ez duzu zer agertzen den YouTuben 'mujer árbitro' hitzak idazten badituzu”.

Protagonista bezala, "Iragartze" filmaren zuzendaria ere arbitrajeari lotuta egon zen gazte-gaztetatik. 16 urte zituela hasi zen epaile gisa, eta 19 urte bete arte jardun zuen. Gerora, alde batera utzi zuen, ezin baitzion eman eskatzen zion denbora dena, baina ez du galdu arbitro-lanarekiko grina. Herrerok Ikus-entzunezko Komunikazio-ikasketak bukatu ondoren, berriz heldu zion arbitrajeari, eta gradu-amaierako lan gisa erabaki zuen aztertzea nolako tratamendua ematen zitzaien arbitroei ikus-entzunezkoetan. Hala, lan horretatik atera zen "Iragartze" film-proiektua aurkeztu zuen iaz, Thinking Football film-jaialdiaren  euskarazko bideo-sorkuntza lanen lehiaketara. Irabazi egin zuen eta horri esker film laburra gauzatu ahal izan du eta bihar estreinatuko du jendaurrean; Athletic Club Fundazioak antolatzen du zinema-jaialdi hori, Euskaltelen babesagaz. Gainera, dokumentala Loraldia festibalaren abaroan proiektatuko da. Sarrera doakoa izango da, lekuak agortu arte.

Zergatik "Iragartze"?

Herrerok honela azaldu du Iragartze Fernández filmaren protagonista izateko aukeratu izana: "Oso pertsona konprometitua eta arduratsua da, bai maila profesionalean bai arbitro gisa". Gainera, "naturala, gertukoa eta oso atsegina" iruditu zitzaion. Bestalde, algortarra arbitro-taldeko ordezkarien "oso adibide fidagarria" delakoan dago zuzendaria. Horretaz gainera, Fernándezek "gogo handiz bizi izan du filmaren produkzio-prozesu guztia, eta oso garrantzitsua izan da hori filma arrakastatsua izateko", Herrerok gaineratu duenez.

Hala, erizain eta epailearen astebeteko bizimodua erakusten du film laburrak: beharrean, Basurtuko ospitalean; mintegietan, arbitroen batzordeak antolatutako formakuntza-saioetan; Faduran eta Basaurin, trebakuntza fisikoa egiten; Gorabiden, boluntario; eta zenbait futbol-zelaitan, Euskal selekzioa eta Txekiaren arteko nazioarteko partidua edo Leioako Emakumeak klubeko norgehiagoka bat arbitratzen ikusiko dugu, besteak beste. Gainera, tranpak antzemateko daukan eskarmentua erakutsiko du Fernándezek, 21 urte zituela lesio bat pairatu arte Bizkerreko futbol-jokalaria izan zelako. Fernándezek gogora ekarri duenez, "epailetzan ikusi nuen futbolagaz lotura mantentzeko aukera ederra. Gaur egun, hirugarren mailan nago eta aukera izan dut emakumezko Lehenengo Mailan Tenerifen, Zaragozan eta Bartzelonan entrenatzeko. Baita Euskadi-Txekiako Errepublikako epaile-taldeko kidea izateko ere".

Hala, Herrerok azaldu du zer egin behar duen Fernándezek egunero bere beharra arbitrajeagaz uztartzeko: "Bere eguneroko bizimodua da, bere ahalegina, egunero-eguneroko lana. Berbaldi teknikoetara joaten da, proba fisikoak egiten ditu, entrenamenduak egiten ditu astean zehar… Futbolzaleok aste-akabuan bakarrik joaten gara partida ikustera, eta haserretu egiten gara ez gaudenean ados arbitroak hartutako erabaki bategaz. Baina ez dugu sekula pentsatzen arbitroek beren bizimodua dutela eta bokazioz egiten dutela lan hori”. Beraz, zuzendariaren ustean, argia da filmaren irakaspena: "Autokritika egin beharko genuke, ez hain erraz egin eraso arbitroei. Ikusi beharko genuke nolako ahalegina egiten duten eta zenbat sufrimendu dagoen horren atzean".

2017ko azaroaren 25ean, euskal selekzioak eta Txekiak nazioarteko partidua jokatu zuten Ipuruan; ezkerreko epailea da Fernández. CC-BY-SA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Epailetzaren ezkutuko aldea

Eta ahalegin horri denari generoak dakarrena erantsi beharra dago. Ez da kasualitatea filmeko protagonista emakume bat izatea: futbolean, diskriminazio bikoitza jasaten dute emakumeek, arbitro izateagatik eta emakume izateagatik. Hala ere, Herrerok azaldu du gero eta ezohikoagoak direla halako egoerak eta futbol-zelaietan bakarrik gertatzen direla gaur egun, ez gainerako arbitroekiko harremanean.

Izan ere, film-zuzendariak ez du inoiz izan halako arazorik. Ezta arbitro ibili zenean ere, nahiz eta garai hartan gizonezkoak ziren gehien-gehienak mundu horretan. Emakumezkoen futbola oso kontu txikia zen artean, eta, beraz, emakumerik ez zen ia Bizkaiko batzordean. Epaile ibili zen hiru urtean partida bakar batean jardun zuen beste emakume bategaz batera. Gaur egun, emakumeek arbitrajearekiko duten interesa emakumezkoen futbolaren presentzia igo den proportzio berean igo da, eta egoerak, beraz, nabarmen egin du hobera: sei hilabetean, arbitro emakumezkoen kopurua 500dik 627ra igo zen, Espainiako Futbol Federazioaren Arbitroen Batzorde Teknikoak joan den urrian zabaldu zuenez. Litekeena da igoera hori Iberdrola Liga sortu izanagaz lotuta egotea. Hala ere, oraindino emakumezkoak bakarrik dira Estatu espainiarreko 15.000 epaileen %4,18.

Norabide berean, jarrera matxistak ere desagertzen dabiltza apurka-apurka, nahiz eta futbol-zelaietan ikusten diren oraindino ere. Herreroren iritziz, egiturazko arazo bat da, eta asko dira horren erantzule. "Gizartearen isla da futbola", dio, baina, gainera, komunikabide batzuek "biktima bihurtzen dute beti emakumea”, baita emakumeek jasan behar izaten dituzten egoerak kritikatzen direnean ere: "Komunikabide batek jarrera sexista bat salatzen duenean, salaketagaz batera ez badira aipatzen emakume horren lorpenak eta lan hori egiteko egin duen ahalegina, biktimaren irudia zabaltzen da. Ez dut esan gura salaketak ez duela balio, baizik eta hobeto egin daitekeela". Horregatik dio: "Ez da hain garrantzitsua partida batean entzun dezakezun zure kontrakoa biraoa; izan ere, harmailetan dagoen jendeak ere kargu hartzen dio halakoetan biraoa bota duenari. Kudeaketa politikoa, estaldura mediatikoa eta nola bistaratzen diren erreferenteak, hori da gakoa. Izan ere, horrek denak nabarmen murrizten ditu emakumeak giro maskulinizatu batean agertzeko aukerak. Arazoa ez da partida jakin bateko gorabehera bat, baizik eta futbolaren eta, oro har, gizartearen inguruko egitura osoa".

Iragartze Fernández bat dator filmaren zuzendariagaz: "erakutsi gura izan dena da, epailetzaren ezkutuko aldea eta, batez ere, emakumezko epaileena. Azaldu dugu heldu garen lekuraino heltzeak kostatzen duena eta zelan bateratzen dugun gure beharra izateagaz, lagunakaz, sendiagaz...". Bere ustean, "futbol-zelai batean kritikatzen gaituztenetako askok ez daki edo ez da konturatzen zaman daroatzagula entrenamendu-ordu piloa, azterketa teorikoak eta proba fisikoak gainditu behar izan ditugula, bideoak ikusten orduak eta orduak ematen ditugula arbitratuko ditugun talde eta jokalariak zelan moldatuko diren ezagutzeko edo gure akatsak zuzentzeko... Partidaren aurrekoa eta ondorengoa badira 90 minutuak bezain garrantzitsuak edo gehiago".

Filma grabatzea gogor egin zaio algortarrari: "nahiko naturala naiz, baina zer edo zer hamar alditan errepikatu behar dudanean...". Halere, ez zaio damutu: "sekula bizi ez dudan esperientzia izan da, oso positiboa. Nahikotxo kostatu zait baina neure onena ematen ahalegindu naiz", azaldu du.

Filmaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun