Udaltzaingoak prentsa-ohar baten bidez azaldu du iruzurra zelan gertatzen den: pertsona bat gidari batengana hurbiltzen da, gehienetan pertsona adindu batengana. Gidariari esaten dio bere ibilgailua urratu duela eta kalte txikiak eragin dizkiola atzeko ispiluan edo antzeko lekuren batean. Orduan, iruzurgileak bere burua eskaintzen du kudeaketak egiteko aseguru-konpainiagaz. Horretarako bere telefono mugikorra erabiltzen du, eta sinesgarritasun handiagoa emateko, konpainiaren operadoreagaz berba egiten uzten dio biktimari. Konpainiak eragindako kalteen ordainketa aurreratzeko eskatzen dio (1.000 euro gutxi gorabehera) eta biktimak eskatutako kantitatea aurreratzen du.
Getxoko Udaltzaingoak herritar denei eskatzen die istripu baten aurrean dirurik ez aurreratzea, eta zalantzarik edukitzekotan udaltzainei dei egitea.