Zenbateko horretatik, Udalak 63.360 euro banatuko ditu euskara ikasteko gizabanakoei zuzendutako diru-laguntzen artean eta beste 7.000 euro enpresei bideratutakoen artean. Hain zuzen ere, 55.360 euro euskara ikasi nahi eta baliabide ekonomikorik ez dutela frogatzen duten getxotarrentzat izango dira. Aurten Udalak familia unitate eskatzaileen gehienezko diru-sarrerak areagotu egin ditu berriro, subentzioa herritar gehiagok eskatu ahal izateko. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.
Iaz udalak kontuan hartu beharreko gehienezko diru-sarrerak areagotu izanaren ondorioz, euskara ikasteko 248 diru-laguntzatan 49.871 euro banatu ziren, 2016an baino 11.000 euro gehiago (163). "Aldaketa horrekin iaz lortu genuen getxotar gehiagok diru-laguntza eskatu ahal izatea. Horregatik, aurten bide beretik segituko dugu, helburua baita pertsona kopuru handienari euskara ikastea erraztea", azaldu du Koldo Iturbek, Euskara zinegotziak.
Beste laguntza batzuk
Bestalde, aurreko urteotan bezala, Udalak 1.000 euro onartu ditu Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da baita ere. 6.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat. Kasu hauetan eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da. Beste 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz, eta eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da, eta azkenik, 7.000 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da enpresentzat.
2017an Udalak 24 laguntza eman zituen gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteko, eta 16 errotulu eta elementu euskaraz ipini ziren (13 euskara hutsean eta 3 ele bietan).
Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuagaz, tartean, itzulpen zerbitzua (2017an 83 elkartek eta establezimenduk eskatutako 1.663 orri); aholkularitza; ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua (iaz 17 ekitaldi), eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.