Álvaro González Getxoko Kirol zinegotzik azaldu duenez, "gure kiroldegietako okupazio-indizeak oso altua izaten jarraitzen du. Horregatik, beharrezkoa da Gobela ibaiko obren eragina jasan zuten eremuak hobetzea, handitzen jarraitu ahal izateko eskaintzan, harpidedun-kopuruan eta erabiltzaile-kopuruan. Hori dela eta, gogora ekarri behar da zeinen garrantzitsua izango den Thinking Fadura partaidetza-prozesua. Apirilaren erdialdean hasiko da eta, haren bidez, hobetu ahal izango ditugu Fadurako kirol-parke publiko berriaren ekipamenduak, herritarrekin batera diseinatu nahi ditugunak".
2017ko datuak
Kirol-ikastaroetan, 7.820 pertsonek hartu zuten parte neguko eta udako kanpainetan; horiek Fadurako eta Gobelako kiroldegietako fitnesseko eta muskulazioko gimnasioak erabili zituzten. Getxon, guztira, 808 kirol-ekitaldi antolatu ziren, Udaleko instalazioetan eta herriko beste leku batzuetan. Haietan, 57.300 kirolari inguru hartu zuten parte, eta 225.500 ikusle egon ziren. Getxo Kirolaken urteko memoriaren arabera, Lehen Hezkuntzako 2.200 ikaslek parte hartu zuten eskola-kiroleko hainbat jardueratan.
Instalazioen alokairuei dagokionez, honako hauek izan ziren gehien erabilitakoak: lehen tokian padel-pistak daude (10.000 ordu, urtean); bigarrenean, tenis-pistak (6.100 ordu, urtean); eta, hirugarrenean, frontoiak (2.250 ordu, urtean). Gainera, kirol-klubek antolatutako 3.285 txapelketa egin ziren Fadurako, Gobelako eta Andra Mariko udal-kiroldegietan.