Getxoko Gizarte Zerbitzuetako lanpostuak betetzeko arazoak daudela salatu dute zerbitzu horretako beharginek. Horren denaren erantzule Getxoko Udala dela azpimarratu dute, «hainbat arrazoirengatik betetzen ez diren lanpostuak ez dituelako ordezkatzen». Azaldu dutenaren arabera, une honetan hamalau beharginek lan egiten dute Gizarte Zerbitzuetan, baina baja medikuan dauden langile biren postuak bete barik daude, urtarrilaren 24tik eta otsailaren 8tik, hurrenez hurren. Hala ere, egoera hori berria ez dela deitoratu dute, 2004an, 2007an, 2010ean eta 2017an mota horretako arazoak ere egon zirelakoan: «Baja medikuengatik, eszedentziengatik edo bestelako arazoengatik, lanpostuak langile barik gelditzen dira, batzuetan hainbat hilabetez».
Horren aurrean, Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) onartu du batzuetan gizarte-langileak arin ordezkatzeko zailtasunak dauzkatela eta Udala «aspaldi» dabilela lanean egoera hori konpondu ahal izateko. Arazoa, askotan, gizarte-langile libreak aurkitzeko zailtasunagatik sortu dela azpimarratu dute udal-arduradunek. Udal-gobernuak ziurtatu du gizarte-langileak ordezkatzeko konpromisoa daukala eta horrela izan dela azken urteotan. «Gizarte Zerbitzuekin kontu bereziarekin jokatzen da, eta egin den edozein eskaerari beti erantzun arina ematen saiatu da, baja, eszedentzia edo oporrak egiteko pertsona berbera izateko eskaera bezala», euren esanetan.
Getxoko Udalak ez du Gizarte Langileen kategoriako lan-poltsa propiorik. Izan ere, 2010eko Enplegu Publikoaren Eskaintzan ez zen osatu, karrerako funtzionario gisa plaza atera zutenez aparte, ez zuelako beste inork ariketa gainditu. Beste deialdi publikoetatik izandako lan-poltsak agortuta daudela azaldu dute udal-arduradunek. Argitu dutenaren arabera, Getxoko Udalak beste leku batzuetako poltsetara jo du (Bilboko, Barakaldoko, Portugaleteko, Santurtziko eta Basauriko udalekoetara), baita Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetara eta Eusko Jaurlaritzaren IVAPera ere. Azken horrek martxoaren 6an 40 pertsonako zerrenda eman zion Getxoko Udalari; hala ere, azken asteotan horiei denei deitu arren, horietako inork ez du eskaintza onartu, Udalak azaldu duenez. «Hurrengo urratsa izango da IVAPi zerrenda zabaltzeko eskatzea eta Lanbidera ere jotzea, pertsona-zerrenda bat bidal dezaten».
Gizarte Zerbitzuetako langileek deitoratu dutenez, euren lanpostuak bete ezean zerbitzuan kalte larriak gerta litezke, berbarako erreferentziazko profesionaltasuna galtzea, herritarrei arreta ezin ematea, eskakizunei ez erantzutea eta premiazko egoerei atentziorik ezin ematea. «Horrek denak herritarrei eragiten die zuzenean, ezinezkoa dugulako euren beharrizanei garaiz eta modu onean erantzutea. Modu berean, langileok gainkarga pairatzen dugu, eta horrek atentzioaren kalitatean du eragina ere», azaldu dute langileek prentsa-ohar baten bidez.