Igogailu berria ipiniko dute Algortako Arene eta Areneondo kaleak lotzeko

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 6a, 11:24

Denera, hiru igogailu egongo dira Arenetik Alango kalera bitartean.

Obraren aurrekontua 347.000 euro ingurukoa da (BEZ barne) eta bere helburua da oztopo arkitektonikoak kentzea eta mugikortasuna hobetzea, garraio iraunkorraren irizpidea aintzat hartuta.

Igogailu bertikal berriak 16 lagunentzako lekua izango du barruan, 8,7 metro igoko ditu aipatutako kaletik Arene parke inguruan egiten ari den oinezkoentzako ibilbidera, auzoan eraikitzen ari den urbanizazio berriaren ondoan. Areneondo kalean, metroko trenbide azpian dagoen beheko pasabidearen ondoan kokatuko da, Alango kaleagaz lotzen diren hiru igogailu publikoen behealdean, 2011az geroztik zerbitzua ematen dutenak.

Ekipamendu berriak Alangoko hiru igogailuen lerrokadura, estetika eta argiztapena gordeko ditu, baita goiko geralekura sartzeko pasagunearen diseinu eta tipologia ere. Horrez gainera, oinezkoentzako pasarela panoramiko bat ipiniko da, Areneondo kaleko espaloia igogailu berriaren goiko sarbideagaz lotuko duena, baita oinezkoentzako ibilbide berria ere, 5 metroko zabalerako eskailera bat, igogailuaren desnibel berdina igaroko duena, eta pasarela panoramikoagaz paraleloan izango dena.

Igogailu berriaren ordutegia gainontzeko igogailuen berbera izango da, hau da, 05:45etik 24:00etara.

Lanak Pazko Astearen ondoren hasiko dira eta egiteko epea bost hilabetekoa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun