Getxoko HAPO berriz aztertzeko udal-idazketa eta aholkularitza lanak esleitu ditu Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 6a, 12:22

HAPOren berrikuspena prestatzeko faseen eduki eta epeak finkatzeko asmoz, eta egin beharreko lanaren tamaina eta zailtasunagatik, Bulego Tekniko bat sortzeko proposamena egin dute.

Getxoko Udalak 822.800 euroan (BEZ barne) esleitu du Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrikustean udal-idazketa eta aholkularitza lanak egiteko kontratua. Eginkizun hori, herritarrek Planaren aurrerapenaren edukian eta plana egiteko irizpideak eta helburuak ezartzean parte hartzeko fasetik abiatuko da. Kontratua betetzeko epea lau urtekoa izango da, baina daborduko egindako lan zehatza aintzat hartuta, epeak murriztea aurreikusi dute.

HAPO udal-plangintzaren tresna nagusia da; udalerriko hirigintzako egitura-antolamendua ezartzen du, sailkapenaren eta kalifikazioaren bitartez, lurzoruen erabilera eta haien garapenerako eta egikaritzarako programa finkatuz. Azaldu dutenez, HAPOren idazketa bideratu duten helburuak dira Getxoren ezaugarri bereizgarriena den bizitza-kalitatearengan eragin positiboa duten alde guztiak sendotzea eta indartzea: "hazkunde orekatua, egungo hiriaren balorazioa, ingurumenarekiko errespetua eta hobekuntza eta ekipamenduen eskaintza handitzea". 

“Prozesuaren azken helburua, gure udalerriarentzat estrategikoa dena, baliabide bat edukitzea da: biztanle kopurua gutxitzeko joera aldatu eta ekonomia-jarduerarako espazioak sortzea enplegua sustatzeko, mugikortasuna hobetuz eta eraikitako hiria gure auzotarren beharretara egokituz. Plan berriak, gure gazteak herrian bizitzen jarrai dezaten ahalbidetu behar du, enplegu aukera gehiago eskainita. Horretarako, prozesuaren fase berri hauetan hiritarren konpromisoa eta parte-hartzea izateko apustuari eutsiko diogu. Plan honetan jokoan dugu hurrengo belaunaldian gure udalerriarentzat nahi dugunaren gaineko orientazioa”, aipatu du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Faseak

Daborduko amaituta daude idazketa lanak Planaren Aurrerapenaren faseraino. Orain esleitu den kontratuaren pleguan hainbat fase ezartzen dira, Getxon gaur egun indarrean dagoen HAPOren lehen berrikuspeneko lanen idazketa-prozesu osoan zehar aintzat hartu behar direnak, Planaren Aurrerapenaren (bere idazketa sartu barik) edukian eta plana egiteko irizpideak eta helburuak ezartzean herritarren parte hartzeko fasetik abiatuta, haren berrikuspen-prozedura guztia erabat amaitu eta indarrean sartu arte.

Egikaritzeko epea, bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioari buruzko ikerketan aurreikusten dena, zortzi urtekoa izango da, berrikuspenaren behin betiko onarpenaren egunetik aurrera.

Guztira, sei fase aurreikusten dira:

1. Herritarren parte-hartzea Aurrerapenean eta HAPOarentzako irizpideak ezartzea: Aurrerapenaren berrikuste kritikoa, jendaurreko aurkezpena, argibide-bilera kolektiboak, jarraipena…

2. HAPOaren prestatzea: HAPOaren hasierako onarpenaren agiria idaztea, baita Ingurumen-Jasangarritasun txostenarena ere.

3. eta 4. Administrazio-izapidetzea eta HAPOren edukiaren inguruko herritarren parte-hartzea: onarpen, baimen eta lizentzien baliogabetzeari buruzko aholkularitza; jendaurreko aurkezpena, argibide-bilerak, jarraipena, arrazoibideei emandako erantzunaren inguruko txostenaren idazketa…

5. Plan Orokorraren behin-behineko onarpena: behin-behineko onarpenaren agiriaren idazketa, Udalaren onarpen eta izapidetzearen jarraipena eta alegazioen erantzuna.

6. Plan Orokorraren behin-betiko onarpena: ingurumen-txostena, izan litezkeen aldaketen garrantziari buruzko txostena, HAPOaren testu berrituaren idazketa, jarraipena…

Planaren bulegoa

HAPOren berrikuspena prestatzeko faseen eduki eta epeak finkatzeko asmoz, eta egin beharreko lanaren tamaina eta zailtasunagatik, Bulego Tekniko bat sortzeko proposamena egin da, udal-egoitzetan kokatuko dena, eta udal-zerbitzu teknikoakaz koordinatuko dena. Bulegoaren bitartez, aurrez aurreko laguntza eskainiko du talde tekniko batek; informazioa bildu, kontrastatu eta emango du.

Antolatzeko modu horri esker, ezarritako epeak beteko direla bermatuko gura dute, egin daitezkeen kontsultak konponduko dira, baita premiazkoak diren arazoak ere, eta arreta pertsonalizatua emango da. Bulegoak, maila desberdineko administrazioakaz (erkidegokoa eta tokikoa) koordinatu beharreko eta lurralde ikuspuntua duten gaietan parte hartu ahal izango du eta Udalari aholkularitza eskaini.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun