Euskararen erabilera gizartearen esparrutik sustatzen jarraitzeko 244.145 euro banatuko ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 6a, 17:28
Elkarte horiek denak Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakiko eraikinaren bigarren solairuan daude.

Horren helburua da udalerriko talde batzuek (Bizarra Lepoan, Egizu, ALBE eta HIRUKA) beren lana aurrera eroaten jarraitu ahal izatea.

"Talde horiei esker eta denon artean lan egiten, herritar bakoitzak dakiena praktikan jartzea lortu nahi dugu, urte berezi honetan, Euskaraldia hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialak aurreikusten duenarekin bat egiten. Herriko euskalgintzaren jardunaren eta udalaren jardunaren arteko osagarritasunaren isla da. Elkarteen lanak Euskaraldiak bilatzen dituen helburuetan eragiten du modu nabarmenean, hau da, hizkuntza ohituretan eragin, dakienak euskaraz egin dezan; ulertzen duenak ahal duen neurrian erabili dezan, eta ez dakienak euskarara hurbildu dadin, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ahalik eta getxotar gehienak euskarara hurbiltzen lortzeko eta ondoren ohitura horiek egonkortzeko", azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

Diru-laguntzak

Zentzu horretan, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteari 79.488 euro ematea onartu du Udalak, Gehitu Kultura (57 elkartek sinatuta) eta Gehitu Kirola (35 kirol elkartek sinatuta) egitasmoen jarraipen eta dinamizazio lanak egiteko eta Bapiruke egitasmoaren barruan aisialdiko jarduerak antolatzeko. Bizarra Lepoan 1995eaz geroztik euskara eta euskal kultura sustatzen ari da herrian hainbat ekimenaren bitartez. Aipatutako hitzarmenen bidez, udalerriko hainbat elkarte, klub eta taldegaz biltzen dira, aholkularitza eta laguntza bideratzeko. Bestalde, Bapiruke egitasmoak urte osoan zehar haurrentzako udalekuak eta jarduerak antolatzen ditu. Iaz 708 umek eta gaztek parte hartu zuten horietan.

Bestalde, Egizuk euskararen erabilera bultzatzen du, eremu berriak sortuz eta sare harremanak indartuz euskaldunentzat eta euskara ikasten ari direnentzat. Udalak 52.320 euroko diru-laguntza ematea onartu du, euskara ikasten ari diren getxoztarren artean euskara sustatzeko, besteak beste, Berbalaguna, Mintzakuadrillak, Kirola Euskaraz!, Kultura Euskaraz! UKITX Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa eta Beharsarea egitasmoen bitartez.  2017an Egizuk 179 ekintza antolatu zituen, 1.683 parte hartzailegaz. Horien artean, Berbalaguna taldeetan 199 lagun (130 emakume eta 69 gizon) ibili ziren 25 taldetan banatuta, aurrekoan baino 4 talde gehiago. Beharsarea, lana eskaintzeko eta aurkitzeko ekimen digitalak iaz gorakada handia izan zuen, 138 iragarkigaz eta 15.372 bisitagaz. 

ALBE Algortako Bertso Eskolak 50.320 euroko diru-laguntza jasoko du bertsolaritza sustatzeko eta bertso jaialdiak antolatzeko. Eskolak urteroko ekitaldiak antolatzeko konpromisoa hartzen du, besteak beste, Abra Sariketa, Eskolatik Plazara, Balkoitik Balkoira, Bertso Jaialdi Mundiala, Bertsoz Jairik Jai, Hitzaren Dantza (400 pertsona elkartu ziren 2017an) , Bihotza Gazte, Ahobien Gala eta Eskolako ikasleakaz jarduerak. Urtean zehar 30 bat saio antolatzen ditu ALBEk Uribe Kostan, bataz beste, 100etik gorako entzuleakaz. Bertso afari formatuan 60 pertsonatik gora elkartzen dira eta jaietako saioetan 150-300ren artean (Algortakoetan 750 bat lagun elkartzen dira urtero).

Azkenik, HIRUKA kooperatiba-elkarteari 62.017 euroko diru-laguntza ematea onartu du udalak, eta aldi berean euskara sustatzeko hitzarmena sinatu ere. HIRUKAn argitaratzen dugun zenbaki bakoitzeko 8.000 ale banatzen ditugu eta horietatik 3.100 Getxon zehar gelditzen dira. Astekari arruntakaz batera, ale bereziak ere egiten ditugu udan eta Gabonetan. Gainera, agerkari digitalean, 2017an, 2.209 berri argitaratu genituen, horietatik 995 Getxori lotutakoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun