Getxo Rugby Taldeak agur esango dio Iberdrola Ligari domekan

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 7a, 20:13
Getxoztarrek joko ona erakutsi dute denboraldian. © EDU DEL FRESNO - GETXO RUGBY TALDEA

Bihar, domeka eguerdian, Getxo Rugby Taldeko emakumeek Iberdrola Ligako azken partida jokatuko dute, Faduran, Madrilgo Sanse Scrum taldearen aurka. Emaitza edozein izanda, getxoztarrak mailaz jaitsiko dira. Halere, hori-beltzek denboraldia zapore onagaz amaitzeko borroka egingo dute.

Emakumeen taldeak denboraldiko azken partidua jokatuko du domekan 12:00etan Sanse Scrum taldearen kontra. Mailaz jaitsiko dira, beraz, getxoztarrak garaipenaren bila aterako dira Fadurako zelaira denboraldia modu positiboan bukatu ahal izateko. Beñat Lavín, taldeko entrenatzaileak adierazi duenez, "sortu dugun talde honetaz, ikustera etortzen den jendeaz eta urte guztian zehar gure ondoan egon diren lagun eta senideez gozatzea izango da helburua".

Lavínek azaldu du nola eboluzionatu duen taldeak erronka zail horretan zehar, baita bere esperientzia pertsonala ere, emakumeen senior-talde baten ardura izan baitu aurten lehenengo aldiz: "joan den denboraldiko jokalari askok utzi zuten, hortaz, taldeak etapa berri bati ekin zion, jokatzeko aukerak izateko ilusioagaz". Hala, denboraldiaren helburua talde berri bat osatzea eta errugbiaz gozatzea zen. "Zentzu horretan urte ona izan da, pozik daude elkarregaz eta pila bat sufritu dugun arren egiten dugunagaz disfrutatzea lortu dugu", nabarmendu du entrenatzaileak.

Etorkizun oparoa

"Haiengandik ikasi dut aste-akabuan gertatzen dena gertatzen dela martitzenean lanari ekin behar diogula berriro, zoritxarra sendotzeko baliatzen, gure buruarekin kritikoak izaten eta akatsengandik ikasten… Hori dena ilusioa eta prozesuan ondo pasatzeko gogoa galdu barik", azpimarratu du: "Benetan demostratu dute erresilientzia handia eta suspertzeko eta are indartsuago bilakatzeko gaitasuna".

Lavínek ez zuen espero esperientzia horregaz "hainbeste disfrutatzea, ohartu naiz errugbiaren beste erdia ezagutzeke neukala. Asko ikasi dut euren ondoan eta hazi naiz entrenatzaile zein pertsona bezala. Denboraldi hau bizipen eta emozioz beteta egon da, zentzu guztietan".

Dena den, "zapore gazi-gozoagaz" geratu dela aitortu du entrenatzaileak zelaitik kanpo lortutako dena ez delako zelai barruan islatu: "Gertatu denaren, galdutako partiduen eta mailaz jaisteak dakarren porrotaren ardura sentitzen dut. Talde bikaina osatzen dute, gazteak eta hobetzeko gogoakaz, batasuna mantentzen badute etorkizun oparoa izango dute, gauden tokian gaudela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun