Imanol Landa Getxoko alkateak esan duenez, RKE legealdi honetako proiektu estrategikoetako bat da, Getxo Antzokiagaz batera (aurten bukatuko dira bertako lanak, udal-iturrien arabera). "Eraikin bat baino gehiago da", esan du Landak, "EAJren hauteskunde programaren, PSE-EE gobernatzeko akordioaren eta 2016-2019 Legealdi Planaren barruan dago. Romo auzoa berpizteko beste ekimen bat da eta gure gobernu jardueraren beste adibide bat: azpiegitura berriak eta modernoagoak herritarren zerbitzura, eta elkarteekiko elkarlana bultzatzeko. Getxo osorako RKE; berton gizarte- eta kultura-eragileak harremanetan egongo dira, eta sinergiak sortuko ditu bakoitzak bere eremuan egiten duen lana aberasteko. RKE irisgarria, modernoa eta segurua, kultura arloan ibilbide luzea duten profesional handiek kudeatuta, proiektu berriei eta ekimen ezberdinei irekia, gure ondarea eta hainbat eremutako eragilek egiten duten lana nabarmenduko duena".
Imanol Landak azpimarratu duenez, "RKE Getxoko Udalaren Legealdi Planean aurreikusita dagoen egitasmo estrategikoa da eta Getxoko udalerrian bultzatzen ari garen modernizazio prozesuaren adierazpen argia eta erabakigarria, beste hainbat jarduerarekin batera: Getxoko Elkartegia, BiscayTik jakituria zentroa, Gobela ibaiarentzako URAren proiektua, legealdia amaitu baino lehen irekiko dugun Getxo Antzokia eta Algortako Musika Eskola, ahaztu barik gure parke publikoak, kaleak eta plazak berritzeko prozesua. Azken honen adibide argia dira Santa Eugenia Plazaren lanak”.
Koldo Iturbe zinegotziaren adierazpenak:
Koldo Iturbe Kultura zinegotziak, bere aldetik, gogoratu du RKE diziplina anitzeko eta belaunaldiarteko gunea dela, arkitekto getxoztarrek egindakoa, non haurtzaroak, gazteriak eta hirugarren adinak espazio bera okupatuko duten proiektuak partekatzeko. "RKE ekipamendu berritzailea da, irisgarria, energian eraginkorra, eta euskaraz mintzatzera gonbidatzen duena".
Instalazioak
Romo Kultur Etxea 5.500 metro koadro baino gehiagoko eraikina da, sei solairu eta hainbat sarbide dituena. Balio anitzeko guneak eta ekipamenduak ditu jarduera berriak egitea ahalbidetzeko, eta elkarteentzako leku gehiago Getxoko gizarte- eta kultura-jardueretan herritarren parte-hartzea bultzatzeko.
Beheko solairuan, Santa Eugeniatik sarrera duena, ataria eta harrera- eta informazio-gunea daude, baita erakusketa-aretoa ere, kafetegia-jatetxea (hau irekitzeko data oraindik zehaztu gabe dago) eta Gure Gune gaztelekua (sarrera eraikinaren atzeko partetik du). Sotoan erabilera anitzeko aretoa dago, 200 jesarleku dituena, askotariko ekitaldiak egiteko (formatu txikiko antzerkia, dantzak, proiekzioak, hitzaldiak…).
Lehenengo solairuan daude liburutegia, hemeroteka eta ikasgelak (indibidualak eta taldekoak) eta bigarren solairuan haurrentzako liburutegia, bebeteka, elkarte eta eragileentzako balio anitzeko aretoak (5), ekainaren administrazioko bulegoak eta egongela bat. Hirugarren solairua laster zabalduko da eta bertan pertsona nagusientzako zerbitzuak eta erabilera anitzeko gelak (6) egongo dira. Laugarrenean udal euskaltegia dago; bertako gelak (10) –eskolaz kanpoko orduetan- beste jarduera batzuk egiteko erabili ahal izango dira, erabilgarritasuna dibertsifikatuz. Bosgarren solairuan lokalak daude abesbatzentzat, dantza taldeentzat eta udalerriko beste taldeentzat (3), baita entsegu- grabazio- eta entzute-gelak ere (4).
Hasiera batean, instalazioen ordutegia honako hau izango da: 08:00etatik 14:30ak arte eta 16:00etatik 22:00ak arte, astelehenetik barikura, eta 09:00etatik 13:00ak arte zapatuetan.
Liburutegien eta auto-mailegu zerbitzuaren ordutegia honako hau izango da: 08:30-14:30 eta 16:00-20:30, astelehenetik barikura; eta 09:00-13:00, zapatuetan.
Apirilaren bigarren hamabostalditik aurrera bisita gidatuak egingo dira gura duenak joan dadin instalazioak ezagutzera.