Ekimen horren helburua da herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatzea, “irakurtzearen alde atsegina” azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Horretarako, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoan bestelako literatur jarduerak ere antolatzen dira: idazleakaz solasaldiak, liburuen azokak eta irakurketa musikatuak, besteak beste.
Egitasmoan parte hartzea
Kanpainaren izenak berak adierazten duenez, hiru pauso emanda parte har daiteke:
- Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu eskatu maileguan.
- Gozatu. Liburua irakurrita eta liburutegira itzultzean, fitxa bat bete behar da. Horretan, zein den irakurritako liburua eta iritzia adierazi behar dira. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
- Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da, edonori edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera ematen du, Algortako Elkar, Areetako Bolibar-Elordui edo Itzubaltzeta/Romoko Gobelaurre liburu dendetan. Horrez gainera, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke bana zozkatuko da, hile horietan irakurle fitxa bete dutenen artean. Ekimena maiatzaren 31n bukatu arren, erosketa-txekeak ekainaren 15era arte erabili daitezke.