Begoñako galeriak bisitatzeko ibilbide "autogidatuak" osatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 9a, 16:32
Begoñako galeriak, kanpoaldetik.

Begoñako galerien mendeurrena ospatuko dute aurten. Hori dela eta, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak "Punta Begoña, 100 urte, 100 ekintza" izeneko jarduera-programa jarri dute martxan.

Datozen hilabeteetan zaharberritzean begi bistakoak diren ikerketak erakutsiko dira, eta lekua kultur edukien sorgailu bilakatu duen egitasmoaren gizarteratzeagaz jarraituko da. Urte honetarako aurreikusitako ekintzen artean dagoeneko egin daitezken galerien bisitak (gidatuak eta autogidatuak) daude; baita mikro-antzerkiak, ipuin kontaketak eta aurrerantzean iragarriko diren erakustaldiak ere.

Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu duenez, Begoñako galerien egitasmoa, 1918 eta 1922 urte bitartean Horacio Echevarrietak eta Ricardo Bastidak sortutakoa, errealitate bihurtzen hasi da mende bat beranduago. "Udaleko hainbat sail eta departamentuen parte-hartzeari esker (Turismo, Hirigintza, Ekonomia, Komunikazioa eta Sistemak) eta EHU-UPVko hainbat lantaldeen lan koordinatuari esker eta oinarri teknikoei jarraituta, garapenean erabateko gardentasun eta gizarte, kultura eta sormen parte-hartzeari esker, eraikuntza hau goi mailako 'Art Galery' kultur gune bilakatuko dugu. Berreskuratze interbentzioak begi bistakoak izango dira datozen hilabeteetan Begoña eta Getxoko itsas-bazterreko edertasuna nabarmenduz eta bertakoen eta itsasoz, Abrako atearen bidez guregana datozenen  sarbidea indartuz".

Agustín Azkarate EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrako zuzendariak azaldu duenez, "urteetan eraikuntzaren eta honen kokapenaren ezagupenean egin dugu aurrera. Ikerketa honek multzoaren deskribapenean, arazoen jatorria eta protokoloak zehazteko eta egin beharreko ekintzen diagnosi zehatz bat egiten lagundu digu, bai eta hauen ordena ere".

Hori guztiaz gainera, sendotze prozesu sakonago bat bermatuko duten premiazko interbentzioak formalizatu dira: areto nagusiaren azpiko gunera sarbidea; areto nagusiaren iragazgaiztea; komunikazio dorretik hego-mendebaldeko galeriarako sarbide segurua; etxe-aurreko eta terrazetako landaretzaren garbiketa eta jatorrian galeriaren eraikuntzan zegoenaren berreskurapena; hondakinak jaso eta material zeramikoaren berreskurapena, eta hego-mendebaldeko galeriako sabai aizunaren kentzea eta finkatzea toki horretatik zirkulatze segurua egin ahal izateko obraren lizitazioa betetzear dagoela.

Bisita "autogidatuak"

Begoñako galerien gizarteratze prozesu horretan, aurten, eta berrikuntza moduan, orain arteko bisita gidatuei aukera berri bat gehituko zaie: bisita "autogidatuak". Punta-puntako teknologia batean oinarritutako sistema bati esker, bisitariek posible izango dute informazio dena eskura izatea beraien telefono mugikorretan.

Sistema horrek aurreikusitako bost ibilbideen artean aukeratzeko aukera emango die bisitariei (proiektua, galeriak, paisaia, ikerketa eta interbentzioak). Ibilbide horietan hainbat panelek jakin beharreko informazioa eskainiko die beste aplikaziorik instalatu beharrik gabe eta modu oso seguruan. Sistema hori galerien hormetatik harago ere hedatuko da (Arriluze ibilbidean zehar) bisitariei eraikuntzako informazioa uneoro eskura izatea eskainiz. Informazio guztia euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta audio formatuan, informazio unibertsal bat bermatuz.

Modalitate horregaz, bisitariak libreki bertaratu ahal izango dira astelehen, eguazten eta eguenetan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Bariku, zapatu eta domeketan, berriz, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Martitzenetan itxita izango da.

Beste alde batetik bisita gidatuak gehitu egingo dira, profesionalen ahotik jasotako azalpen pertsonalizatu batek balore erantsia duelako. Informazio gehiago eta erreserbak, www.getxo.eus/turismo eta www.puntabegonagetxo.es

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun