Sport Studioko monitoreen grebaren harira, EH Bilduk deitoratu du EAJk "sustatzen duen azpikontratazio politika" dela lanuzte horren "erantzule". Izan ere, zerbitzu publikoak bitartekarien bidez kudeatzen direnean, langileen lan-baldintzak "kaskartu" egiten direla salatu du koalizio abertzaleak.
EH Bildukoek jakinarazi dutenez, beharginek eurakaz biltzeko eskaera egin zioten Getxo Kirolakeko presidenteari. Horrek, baina, batzeari uko egin zion "aitzakia ezberdinak erabiliz Udalbatzan eta Getxo Kirolaken bertan", oposizioko taldeak azaldu duenaren arabera; "keinu txiki batek, bilera bakar batek, gatazka konpontzen lagundu zezakeen arren, bizkarra eman die langileei".
Grebaren harira, koalizio abertzaleak zalantza bi agertu ditu. Alde batetik, erabiltzaileek lanuzteen egunetan galdutako saioei dagokien dirua Getxo Kirolakek deskontatuko dien edo ez. Bestetik, Getxo Kirolakek kontratatutako enpresari egun horiei dagokion zenbateko ordainduko dion edo ez ere galdetu du. "Galdera horien erantzuna apirilaren 17an egingo den Getxo Kirolakeko Kontseilu Artezkarian eman beharko digute, baita gatazka horren protagonistek izandako hartu-emanen gaineko informazioa ere".
EH Bildukoen ustez, "gardenena" litzateke Kontseilu Artezkari horretara bertaratzea langileen eta enpresaren ordezkariak, lan-gatazka horren arrazoiak azaltzera. Horixe bera eskatu diote koalizio abertzalekoek Getxo Kirolak-eko presidenteari, "baina litekeena da ezezko erantzuna jasotzea".
Getxoko Udalak zabaldutako oharra:
Zure irakasleak greba jarraitzea erabakiko badu eta apirilaren 11, 17 edo 18ko kirol-klaseak bertan behera geratzeko aukera baldin badago, honako hau jakinarazi nahi dizugu:
- Kurtsoak emateko erreserbatuta dauden espazioak, egun eta ordu horretan kirol jarduera bat kontratatu duten kirol ikasleei zuzenduko zaizkie. Hau da, kiroldegia, tenis eta padeleko pistak, yoga, ziklo indoor eta anitzeko gelak.
- Segurtasun arrazoiengatik, igerilekuak modu ezberdinean kudeatuko dira. Horrela, zure jarduera ur-ekintzetako monitoreak greba jarraituz gero, ikastaro hauei dagozkien espazioetan ezin izango da sartu. Igerileku libreak erabilgarri egongo dira (12 urtetik beherakoek lagunduta egon behar dira).