Herritarrak euskaraz artatzeko borondatea adierazten duten establezimenduek, edo negozioaren idatzizko elementuak euskaraz ala euskaraz eta gazteleraz ipintzeko konpromisoa hartzen dutenak izan daitezke “Euskararen Lagunak”.
Sare horretako kide izateak negoziorako zenbait abantaila dauzkala azaldu dute udal-arduradunek, hala nola: “balio erantsia izatea; saltokia etorkizunerako prestatzea, hau da, Getxon garrantzitsua den herritar kopuru baten aurrean konfiantza eta gertutasuna transmititzea, herriaren heren bat euskalduna delako eta beste heren bat ulertzen duelako; eta konpetentziari aurre egitea”.
Euskararen Txantxangorriaren irudia erabiliko dute herritarrek euskaraz hitz egitera gonbidatzeko, eta “bezeroen eta saltokien arteko zubia eraikitzeko”.
Saltokiek hartzen dituzten konpromisoak bete ahal izateko, materialak, zerbitzuak eta laguntzak eskainiko dizkie Udalak, doan: bezeroari euskarazko arreta bermatzeko gida metodologikoa, Euskararen Txantxangorria ikurra duten euskarriak jartzeko materiala, saltokien zabalkundea eta produktuak eta zerbitzuak katalogo bidez (errotuluak ipintzeko diru-laguntzak, adibidez).
Gainera, merkatariei eskaintzen dizkien produktu eta zerbitzu guztiak biltzen dituen webgune bat sortu du Udalak. Bertan, galdetegi bat dago merkatariek eta ostalariek kartelak eskatu ahal izateko, besteak beste.
"Euskararen Laguna" egitasmoaren aurkezpena