Hutsik dauden etxebizitzen erroldarako inkestak egingo dituzte egunotan Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 12a, 16:10
Galdeketaren helburua da etxebizitzak hutsik egotearen arrazoiak bilatzea.

Udalerriko etxebizitza hutsen errolda egiteko ikerketa abiatuko du datorren astelehenean, hilaren 16an, Getxoko Udalak. Horretarako, behar bezala izendatuta joango diren langileak hurbilduko dira auzo-komunitateetara. Ikerketa dator Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduk 2016an sinatu zuten aurrekontu-hitzarmenetik.

Galdeketaren helburua da hutsik egoteko arrazoiak bilatzea eta, egingo den ikerketaren emaitzen arabera, zein neurri hartu daitezkeen aztertuko da, aipatutako etxebizitzak merkatura ateratzea errazteko.

"Hutsik dagoen etxebizitza bat ez da dohainik ateratzen, kontrakoa baizik. Bertan bizi ez bada ere, gastuak sortzen ditu: komunitatea, mantentze-lanak, aseguruak eta zergak ere, hala nola ondasun higiezinen gainekoa; zerga hori, hain zuzen, garestitu egin da dagoeneko udalerri askotan hutsik dauden etxebizitzei errekargua ezarri zaielako. Errentan emandako etxebizitzaren eskasiak errentaren prezioaren garestitzea ekarri du, eta ondorioz, baliabide gutxiago duten biztanleek, eta batez ere gazteek, aukera gutxiago daukate etxebizitza duin bat izateko. Horrez gainera, zenbat eta hutsik dagoen etxebizitza gutxiago egon txikiagoa izango da  lur berriak okupatzeko beharra horiek eraldatu eta etxeak egiteko, gure hiritarren beharrei erantzute aldera. Etxebizitzari buruzko legeri berriak botere publikoei exijitzen die ekitea, sor daitezkeen desorekak lotzera bideratutako ekimenak bultzatzeko, guztion probetxurako. Laburbilduz, Getxoko biztanleak mantentzeko lan egiten jarraitzea da helburua, eta gazteek, baita etorkizuneko belaunaldiek, nahi izanez gero, udalerri honetan bizitzen jarrai dezaten", adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Hortaz, kaleko lana egingo da, hutsik dauden etxebizitzak geldi mantentzen dituzten arrazoiak ezagutzeko, hau da, zergatik dauden merkatutik kanpo, ez baitaude ez salgai ez alokairuan. "Inkestaren helburua ekintza positiborako neurriak bultzatzea baino ez da izango, etxebizitzak okupatzea eta merkatura ateratzeko estrategia politikoak diseinatzea jomuga dutenak, bai jabeei bai errentari edo erosleei mesede eginez", azpimarratu du Arregik.

Inkestaren alderik nabarmenena alde kualitatiboa izango da, etxebizitzak hutsik egoteko zergatiei dagokienez, horietatik abiatuta helburuak finkatu eta ekintzak ezarri ahal izango direlako aipatutako helburuak lortzeko.

Inkestatzailearen nortasuna egiaztatu ahal izateko, honako telefono hauetara dei daiteke: 94 475 36 81 / 94 466 00 44. Gainera, Udalak etxebizitzahutsa@getxo.eus helbidea ipiniko du Getxon etxebizitzaren bat hutsik dutenentzat, beren arrazoiak azaldu edo Bizigune hutsik dauden etxebizitzen programari buruzko informazioa eskatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun