Andradek adierazi duenez, «gaur egun itsasertzean izugarrizko pasealekua dago, baina bakarrik Arrigunagako hondartzatik Sopelara eta hortik Uribe Kostako gainerako kostaldeko tokietara. Arrigunagako hondartzatik Algortako Portu Zaharrerako bidean, aldiz, ez dago pasabiderik».
Proposamenaren helburuetako bat da 428 metroko pasabidea egitea eta Arrigunagako hondartzan bidea jarraitu ahal izateko 170 metro gehitzea. Izan ere, Andradek adierazi duenez, «Algortako Portu Zaharretik Arrigunagara hogei minutuko bidea daukagu orain, pasabide honegaz, aldiz, bost minutuan ailegatu ahal izango gara». Beste helburuetako bat da auzokideek eta bestelakoek Getxoko itsaslabarrez «gozatzeko» pasabidea egitea.
Getxoko popularren bozeramaileak adierazi du proiektua garatzeko hainbat ideia dauzkatela, «adibidez, obra zibileko proiektua egitea, errepideagaz jarraituz. Hala ere, gure proposamena da inguruneari, bertoko landarediari eta faunari ahalik eta gutxien eragitea». Horretarako, hurrengo udalbatzan, Gobernuari proiektua bultza dezan eskatzeko mozio bat aurkeztuko dute popularrek.