Benta eraikinaren iraganeko argazkiak, pertsona nagusiei egindako elkarrizketen dokumentala, eta eraikina berpiztea ahalbidetu duen prozesuaren argazkiak ikusi ahal izango dira jardunaldian. Bestetik, erakustaldira hurreratzen direnek taloa jateko eta musika entzuteko aukera edukiko dute. Aritz Landeta BentaraNoa Elkartearen komunikazio-arloko kideak adierazi duenez, "San Isidroko jaiei begira ere ekintzak antolatuko ditugu".
BentaraNoa Elkartea
BentaraNoa Elkartea Getxoko Andra Mari auzoko bizilagunek osatzen dute, Benta eraikina komunitatean kudeatzeko asmoz. Aritz Landetaren berbetan, "elkartearen helburua da eraikina biziberritzea eta auzoaren bizitza suspertzea, hainbat ekintza antolatuz. Adibidez, ekonomia soziala sortzeko inguruko nekazarien merkatu bat egitea". Getxoko Udaleko Komunikazio, Herritarren Parte-hartze eta Gardentasun Arloak bultzatutako prozesu parte-hartzaile baten bidez sortu da elkartea.
Prozesu hori 2016ko urrian hasi zen eta lau fase eduki zituen. Lehenengoa elkarrizketa eta entzute-fasea izan zen. Horretan parte hartu zuten kideek Benta eraikina "balio askotako espazio integratzailea" izatea adostu zuten, besteak beste. Bigarren fasean Udalak espazio publikoak kudeatzeko lau ekimenetako kideak gonbidatu zituen euren esperientziak kontatzeko: Orlandai etxea (Bartzelona), Harinera (Zaragoza), Sarean (Bilbo) eta Astra (Gernika).
Topaketa horren ondorioz, "herritarren inplikazioa eskatu" zen kolektibo bat sortzeko asmoz. Azkenik, Aritz Landetak azaldu duenez, "azken faseko bileran elkartu ginenok adierazi genuen zein zen gure konpromiso maila eta horretatik sortu genuen BentaraNoa Elkartea".