Eskolek gune estaliak izatea ahalbidetuko du Getxoko Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 26a, 10:34
Atzo, eguaztenean, egin zuten Getxoko osoko bilkura.

Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hirigintza-arauen aldaketa puntuala onetsi zuen atzo Getxoko Udalbatzak, ikastetxeek jolasteko gune estaliak edukitzeko eskaerari erantzuteko.

Udal-gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoakaz, GUKen aurkako botoakaz, eta EH Bildu eta Ciudadanosen abstentzioagaz, Getxoko Udalbatzak atzo onetsi zuen, hasierako izaerarekin, Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hirigintzako arauen aldaketa puntuala, ikastetxeek ikasleen jolasteko espazio estaliak edukitzeko kezkari erantzuteko. "Hori ez da aprobetxamendu gisa zenbatuko; horrela, kanpoko jolas-eremuen zati bat, behintzat, eguraldi kaskarretik babestuta geratuko da", adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Ikasturtean zehar, patioaren erabilera eguraldiak baldintzatzen du eta, estalita egon ezean, hilabete askotan ezin izaten dira erabili. "Horregatik, ikastetxeek patioak estaltzeko eskaera bat egin dute, eta beharrizan hori ez du galarazi behar sabai-koefizientearen parametroak", esan du Arregik.

Aldaketa horrek Getxon kokatuta dauden eta ekipamendu pribatua duten ikastetxeei nahiz ikastetxe publikoei eragingo die, baita etorkizunean sor daitezkeenei ere.

GUKek aurkako botoa eman zuen, ez dakielako neurri horrek zer eragin izango duen: "susmoa dugu ez ote den ikastetxe pribatu hitzarmendunen lurzorua askatuko trukean ezer ere jaso gabe". Bestalde, EH Bildu abstenitu egin zen, "HAPOri adabakiak jartzen ari zaizkio, horren berrikusketa arindu ordez". Udal-gobernuak, bere aldetik, zera erantzun zuen: "erabaki honek tratu bera ematen die ikastetxe publikoei eta ikastetxe pribatu hitzarmendunei", gainera, honakoa adierazi zuen: "HAPO berrikusi ahal izateko udalbatza osatzen duten alderdi guztiek beren buruak azaldu eta iritzia eman behar dute".

Beste kontu eta mozio batzuk

Osoko bilkura horretan, gainera, hasiera batean onetsi zen Udaltzaingoaren araudiaren aldaketa partziala. GUKek aldaketaren aurkako zuzenketa bat aurkeztu zuen, baina baztertu egin zen. Bestalde, Getxo Enpresa elkarteari 15.000 euroko kreditu gehigarri bat ematea onetsi zen, urteroko Getxo Moda lehiaketa egiteko aurretiaz emandako diru-laguntza osatze aldera. Azken hori apirilaren 30etik maiatzaren 4ra bitartean egingo da.

Mozioen atalari dagokionez, eta testigantza izaeragaz, lau moziok jaso zuten onespena. Lehenengo mozioak, PP alderdiak aurkeztutakoak, Sustapen Ministerioari "espainiar ondare historikoa kontserbatu edo aberasteko lanak finantzatzeko ematen dituen laguntzak eskatzea" zuen xede, Galeako Gotorlekua kontserbatzeko asmoz. GUKek mozioa transakzionatu zuen, eskabide horren baitan herritarrek parte hartzeko prozesu baten bermea barne hartzeko eskatuz; hartara, herritarrek gotorlekuari eman nahi dioten erabilera zein den jakin ahal izateko.

Gainerako hiru mozioak GUKek aurkeztu zituen. Lehenengo mozioaren bidez, Udalak ondokoa adieraz dezan eskatu zuen: "Zerga-iruzurraren eta -ihesaren aurkako borrokan Espainiako agintariekin kolaboratzaile den Falcianiren egoeraren inguruko kezka; izan ere, gaur egun aurre egin behar diogun arazo larria da borroka hori, eta estradizioaren aurka gaudela jakinarazi nahi dugu" . Gainera, zerga-iruzurraren aurkako borrokan zenbait neurri bultzatzeko eta iruzurra nahiz ustelkeria salatzen dutenen babesa areagotzeko konpromisoa hartzeko eskatu zion Udalari. Bigarren mozioak komun publikoen mantentze-lanak hobetzeko plan bat egitea zuen xede, betiere instalazio horiek egoera onean mantentzeko beharrezkoa den guztietan eta egokia den denboran. Hirugarren mozioaren bidez aurretiaz Udalbatzan onetsitako bi mozio egikaritzeko eskatu zuten, hain zuzen ere: Getxoko hondartzetan armairuak jartzea (udal-gobernuak baieztatu zuenez, daborduko proiektu horren inguruan lan egiten ari dira) eta autokarabanentzako aparkaleku bat egokitzea udalerrian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun