Gurpil-aulkiko saskibaloi-kluben titulu kontinentala lortu ez arren, Garcia harro azaldu zen "pabiloia betetzeaz, hedabide denen arreta erakartzeaz eta kirol zoragarri honegaz jendeari gozarazteaz".
Hala, Istanbuleko Galatasarayk eroan zuen Euroligako garaipena, Bidaideak Bilbao BSR 71 eta 73 finalean menderatuta. Partida orekatua izan zen eta taldeak atsedenaldira heldu ziren puntu biko aldeagaz (35-37). Azken laurdenean erabaki zen dena: Asier Garciak aurretik jarri zuen Bidaideak hiruko bategaz, amaierarako minutu erdi falta zenean (71-70), baina talde turkiarrak etekin handia atera zuen azken uneetako falta pertsonaletatik.
Luszynskik markagailua irauli egin zuen jaurtiketa libre bitan asmatuta (71-72), Asier Garciak huts egin zuen pertsonalen lerrotik egindako botaldi bietan eta Luszynskik beste puntu bat gehiago lortu zuen, garaipena ziurtatzen (71-73).