Getxo Kirolakek 1.600 plaza baino gehiago eskainiko ditu abonatuentzat udako ikastaroetan, uztailean eta abuztuan zehar. Programazioan honako ikastaro hauek egongo dira: tenis, padel, futbola, igeriketa eta haurrentzako kirol-jarduerak. Iaz bezala, egunero, haurrentzako aisiako azken ikastaroa ingelesez egingo da eta haurrak zaintzeko zerbitzua ere egongo da, jarduera-orduen ordu erdi bat lehenago eta ondoren.
Kirolen udal-erakundeak Kirolet@n ikastaroa antolatuko du Gobelan eta Faduran, 10-14 urte artekoentzat, nerabezaroan jarduera fisikoa praktikatzera bultzatzeko asmoz. Aurten gainera, Futboleando ikastaroak emango dituzte Getxo Futbol Eskolak (Faduran) eta Romo F.C-Arenas Clubak (Gobelan).
Maiatzaren 11n zozketaren emaitza argitaratuko da udal-webgunean eta kiroldegietako informazio-tauletan. Plazak automatikoki esleituko dira, eta eskaera dagoen bitartean, pertsona bakoitzeko ikastaro bana emango da. Plaza libreak geratuz gero, prozedura errepikatuko da eta pertsona bakoitzeko hiru ikastaro esleituko dira. Erreklamazioak, bajak eta ordutegi-aldaketak egiteko epea hilaren 11tik 17ra izango da.
“Tenis, padel eta igeriketaren kirol-hastapena baino maila altuagoetan izena emateko beharrezkoa da maila ziurtatzea. Horretarako, Kirol arloarekin harremanetan jarri behar da eta maila egiaztatzeko proba egin egun batzuk lehenago”, gogoratu du Getxoko Udalak.
Futboleando ikastaroaren kasuan, klub biakaz zuzenean egin behar da izen-ematea. Fadurakoan parte hartzeko Getxo Futbol Eskolagaz harremanetan ipini ahal da posta elektronikoaren bidez (coordinador.getxofutboleskola@gmail.com) edo 615 98 26 63 telefonoz; Gobelakoan aldiz, izena eman daiteke posta elektronikoaren bidez (arenasromocampus@gmail.com) edo 657 26 86 06 telefonoz.
Getxo Kirolakek liburuxka bat argitaratu du ikastaroen programarekin, Fadura eta Gobelako bulegoetan jaso daitekeena, baita udal-webgunetik deskargatu ere.