Iaz legez, edizio honetan gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketa bana egingo da eta, horregaz batera, master-mailako beste ekitaldi bat ere izango da. Denera, 45.000 euro banatuko dira saritan.
Txapelketako antolatzaileen arabera, lehiaketak "berriro ere munduko skater hoberenetarikoak erakarriko ditu Getxora". Daborduko baieztatu dutenez, Getxora hurreratuko diren kirolari ospetsu horien artean daude Yndiara Asp brasildarra (iazko txapelduna emakumezkoen proban), Rune Glifberg eta Nicky Guerrero danimarkarrak, Ben Hatchell amerikarra eta Oskar Rozenberg suediarra.
Hiru txapelketak zapatuan, ekainaren 23an, antolatuko dira eta domeka, ekainaren 24a, erreserbatuko da euriagatik ezin izango badira jarduerak garatu. Volcom eta Euskaltel dira txapelketaren babesleak.
Jarduera osagarriak
Kantera Invitational txapelketaren aurretiko egunetan patinaren kulturagaz lotutako hainbat jarduera eskainiko dira, udalerriko hainbat lekutan. Horrela, aurreko asteko zapatuan, ekainaren 16an, Skate Astea hasiko da Arrigunagan, Basque Pool zirkuituaren probetako bategaz, Kantera Skate Eskolak antolatuta. Gainera, jarduera-programan publiko guztientzako ikaskuntza-saioak eskainiko dituzte. Aurten, azken horiek egun bitan egingo dira. Alde batetik, astelehenean, ekainaren 18an, Txurrukako moilan antolatuko dituzte; eta bestetik, eguenean, ekainaren 21ean, Arrigunagan. Eguaztenean, ekainaren 20an, Areetako skate-parkeak The Tournament txapelketa hartuko du. Bertan, irabazleak La Kantera txapelketa nagusian parte hartzeko leku bat ziurtatuko du.