Koalizio abertzaleak deitoratu duenez, udalerriko kaleetako paisaia aldatzen ari da eta lonja hutsak gero eta ugariagoak dira. "Krisia hasi zenetik 10 urte luze pasa dira eta gure herriko dendariak gero eta egoera okerragoan daude. Krisia ez da euren arerio bakarra, merkatalgune handiak, internet bidezko merkataritza, edota multinazionalen kateek erabiltzen dituzten estrategiek ere kaltetzen dituzte", iragarri dute EH Bildukoek. Era berean, dendari txikiak udalerriko "biziraupenerako eta kaleen alaitasunerako oinarrizkoak" direla uste dute.
Arazo horri aurre egin guran, koalizio abertzaleak "Getxoztarra" izeneko txartela proposatu du, dendetan ordaintzekoa eta bezeroak fidelizatzekoa.
Txartelaren helburuak
- Tokiko merkataritza sustatzea, horretarako herrian hobarien ibilbidea sortuko litzateke.
- Herritarrak eta tokiko merkataritzaren arteko harremanak estutzea eta sendotzea.
- Tokiko merkataritza sostengarria sustatzea.
Funtzionamendua
- Funtzionamendua erraza da: Txartel horretara atxikituta dauden denda, eta enpresa txikiek, eta zergatik ez etorkizun hurbil batean Udalak, deskontuak egingo lizkiekete erabiltzaileei, bakoitzak erabakitzen duena, eta deskontu horiek atxikituta dauden establezimenduetan erabiltzeko baliagarriak izango lirateke.
- Aztertu beharko dute txartela ordaintzeko txartela izan daitekeen ala ez.
Atxikimenduak
- Herritarrek txartela erosi beharko lukete.
- Merkatariek baldintza batzuk bete beharko lituzkete: langileen eskubideak bermatu lan prekarioa baztertuz, ingurugiroaren aldeko konpromisoa, ordutegi arautua, euskararen aldeko jarrera baikorra, merkataritza sostengarriaren aldeko konpromisoa.
- Udala: Sustatzailea eta babeslea izan beharko luke. Adibidez Gabonetako bonuak honen bitartez bideratuz.
Kudeaketa
- Eredu desberdinak izan daitezke, baina edozein izanda ere txartel horrek inoiz etekinak ematen baditu herriko merkataritzan inbertitzeko izan beharko litzateke.
- Edozein kudeaketa eredu izanda atxikituko diren dendariek erabakitzeko ahalmena izan beharko lukete.
- Udala sustatzailea izateak ez du esan nahi Udalak kudeatzaile zuzena izan behar duenik. Udalak behin abian jarrita kooperatiba edo fundazioa bultzatu dezake.
- Txartelaren kudeaketa egiteko banka etikoko erakunderen bategaz akordioa bilatu daiteke.
Inplementazioa
EH Bilduren ustez, urte baten buruan Udalak martxan jar dezake egitasmo hori eta, talde horren arabera, horretarako eman beharko dituen urratsak dira:
- Talde Sustatzailea sortu.
- Marko legala aztertu
- Behar teknikoak aztertu
- Balizko bidai lagunak bilatu
- Merkatariekin prozesu parte hartzailea egin.
- Alderdi politiko desberdinekin akordioa bilatu.
- Herritarren atxikimendua bilatu eta horretarako komunikazio kanpaina indartsua egin.
EH Bilduk egingo duena
- Bilerak egingo dituzte merkatariakaz proiektua beraiei aurkeztu eta euren iritziak eta hobariak jasotzeko.
- Proiektuaren aurkezpena egingo diete udal-talde politiko denei.
- Mozioa aurkeztuko dute Udalaren babes ofiziala lortzeko asmoagaz.