Gaur hasiko dira Getxoko San Isidro jaiak

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 11a, 08:45
Barikuan botako dute txupina Malakaten plazatik.

Apurka-apurka jaien usaina hedatzen dabil Getxo inguruan. Izan ere, udaren atarian, maiatzaren erdialdean, helduko dira San Isidro jaiak udalerrira: nekazari, laborari eta baserritarrei omenaldia egiteko ospakizunak, alegia.

Aurton ere, Geroako ikasleek irakurriko dute pregoia, txupina jaurtitzeaz gainera, gaur, 17:00etan. Hala, horren ondoren, ekitaldiz beteriko lau eguneko egitarauari helduko diote auzokideek, askotariko herritarrek osatutako jai-batzordearen eskumenez. Horrenbestez, gazte zein nagusi, inguruotan aspertzeko tarterik ez da faltako egunotan: herri-bazkariak, jokoak, mus-txapelketa, herri kirolak, dantzaldiak, grafitiak, kontzertuak...

Jai-batzordeko kideek gogoratu dutenez, zapatuan auzora baserritarrez jantzita hurbiltzeko deialdia eginda dago. Gainera, aurten ere gaueko autobus-zerbitzua egongo da sanisidroetan, auzoko konexioa gauez hobetzeko eta etxera bueltako bidea lasaitasun osoz egin ahal izateko. Zerbitzu hori guztiz doakoa izango da. Era berean, jakinarazi dute barikuan eta zapatuan txosnak goizeko ordu txikietara arte egongo direla zabalik, 06:00ak arte, alegia.

Egitaraua:

Maiatzak 11, barikua

  • 17:00 Txupinaren jaurtiketa eta pregoiaren irakurketa, Geroako ikasleen eskumenez, Malakaten.
  • 17:00 Mural margotzeak, Bentan.
  • 17:30 Parkean Olgetan, Sendiren eskumenez, Malakaten.
  • 17:30 Txokolate-edana, Malakaten.
  • 17:00 Kiniela paleta-goma, kiroldegiko frontoian.
  • 18:30 Buruhandiak, Malakatetik hasita.
  • 19:00 Mus txapelketa, Bentan.
  • 19:00 Areatxu fanfarrea, kalez kale.
  • 21:00 Kontzertuak: Skabidean, Mr Pongo eta erromeria, kiroldegiko aparkalekuan.

Maiatzak 12, zapatua

  • 10:30 Umeentzako talo eta bitxi tailerrak, Argia Fundazioaren eskumenez, Malakaten.
  • 11:00 Puzgarriak, Malakaten.
  • 12:00 Txopolis fanfarrea, kalez kale.
  • 12:00 Txangoa Tosu ingurura.
  • 13:00 Herri kirolak, kiroldegiko probalekuan.
  • 15:00 Herri-bazkaria, auzo elkartearen eskumenez, kiroldegiko aparkalekuan.
  • 17:00 Umeentzako ginkana, kiroldegiko sarreran.
  • 19:00 Poteo girotua, bazkalondotik.
  • 19:30 Zumba Rosigaz, Malakaten.
  • 20:00 DJ Deustooh!, Malakaten.
  • 21:00 XXV. Herrien Jaialdia, Itxas Argia dantza-taldearen eskumenez, Kiroldegiko frontoian.
  • 23:00 Kontzertuak: Erasoka, Sumision City Blues eta Item No, kiroldegiko aparkalekuan.

Maiatzak 13, domeka

  • 10:00 Bertoko ekoizleen azoka, Uribe Kostako Agroasanbladaren eskumenez, Kiroldegiko aparkalekuan.
  • 11:00 Umeentzako argazki-tailerra, Sendiren eskumenez, Kiroldegiko aparkalekuan.
  • 11:00 XXVIII. Isidro Deunaren Eskupilota Txapelketako finalak, afizionatuak eta elitea, kiroldegiko frontoian.
  • 12:00 Andres Isasi Musika Eskolako Martxing Band, Malakatetik hasita.
  • 13:30 Kontzertua: Cloverwind, kiroldegiko aparkalekuan.
  • 17:30 Dantza-plaza, Dangiliskegaz, kiroldegiko aparkalekuan.
  • 18:00 Patinaje Show Getxo, kiroldegiko frontoian.
  • 18:00 Umeentzako paintball, elizako zelaian.

Maiatzak 15, martitzena

  • 12:45 Hamaiketakoa, elizaurrean.
  • 18:00 Idi-probak, kiroldegiko probalekuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun