Euskaraldia

"24 ordu euskaraz" ekimena aurkeztu dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 9a, 15:18

Garazi Lopez de Uralde, Egizu elkarteko dinamizatzailea, eta Koldo Iturbe, Euskara zinegotzia.

Euskaraldiari begirako "24 ordu euskaraz" ekimena aurkeztu dute gaur prentsaurreko baten bidez Koldo Iturbek, Getxo Udaleko Euskara zinegotziak, eta Garazi Lopez de Uraldek, Egizu elkarteko dinamizatzaileak.

Euskara sustatzeko 24 orduko ekimena maiatzaren 23an hasiko da, 20:00etan, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Getxoko Euskaraldiaren ahotsa izango diren hamaika testigantza jasotzen duen bideo laburra ipiniko dute, Tor magoaren “Euskararen Magia” ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, eta ekitaldiari hasiera emateko bolandera bat botako dute.

Garazi Lopez de Uraldek adierazi duenez, “egun horretan normaltasunez arituko gara norberak bizitzeko egindako hautua betez: ni, adibidez, Ahobizi izango naiz 24 ordu horietan”. Izan ere, ekimenean parte hartu gura duten pertsonek Ahobizi, Belarriprest edo Irribizi rolak aukeratuko dituzte. Hots, euskaraz berba egiten dutenak, ulertu egiten dutenak, edo ulertzen ez baina euskaragaz bat egiten dutenak.

Ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago Getxoztarrak.eus webgunean; bestela, egun jakinetan udaleko hainbat lekutan egongo diren izen-emate mahaietan fitxa bat bete daiteke. Egun horietan bertaratzeko aukerarik ez dutenentzat izena emateko sare-mapa bat osatu dute. Horretan, agertzen diren Getxoko saltoki zein bulegoetan ere izen-emate fitxak egongo dira.

Honako egun hauetan egongo dira izen-emate mahaiak: datorren zapatuan, hilak 12, Itzubaltzeta/Romoko Erromotruk azokan eta Areetako Adiskidetasun kalean, 11:30etik 14:30era; maiatzaren 15ean, martitzena, Andra Marin, 16:30etik 20:30era; eta maiatzaren 19an, zapatua, Algortako Telletxe eta San Nikolas plazetan, 11:30etik 14:30era.

Euskaraldiaren Hamaikakoa

Euskaraldiaren ahotsa izango den Hamaikakoa ere aurkeztu dute gaurko prentsaurrekoan. Egizuko ordezkariak adierazi duenez, “hamaika laguneko talde hau modu pertsonalean eta borondatez 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ekimenean parte hartzea erabaki dutenak dira, Ahobizi rolaren bitartez”.

Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes-urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarrei eta inguruko kideei horren berri emango diete.

Getxoko Hamaikakoa hainbat auzo eta adinetako emakume eta gizonek osatzen dute:

  • Arrate Saitua: algortarra, irakaslea eta Bizarra Lepoan Euskara Elkarteko bazkidea.
  • Afrika Bibang: abeslari algortarra.
  • Asier Alda: Areetakoa, magisteritzako ikaslea eta Musikalia Elkarteko koordinatzaile eta musikaria.
  • Maider Santxo: Andra Marikoa, Aixerrota Institutuko ikaslea eta Aixerrota boleibol-taldeko ikaslea.
  • Pedro Larragan: kazetaria eta Confebaskeko komunikazio zuzendaria.
  • Victoria Bengoa: biologoa eta Areetako berbalaguna.
  • Amaia Garces: matematika graduko ikaslea, Itzubaltzetakoa eta Ziztu Bizian Eskaut taldeko begiralea.
  • Ibon Larrinaga: AEBetan lehenengoz borrokatuko den Itzubaltzetako boxeolari gaztea.
  • Itxaso Arana: sommelierra, Neguriko Jolastoki jatetxekoa.
  • Deu Txakartegi: arkitekto algortarra, We Are Standard taldeko kidea.
  • Endika Guarrotxena: Negurikoa, Algortako Ikastolako 1. promozioko ikaslea eta Athleticeko jokalari ohia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun