Maider Santxo: "Uribe Kostan garrantzi handia ematen zaio kirolari"

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 11a, 09:30
Maider Santxo eta Kattalin Garcia dira hondartza-boleiboleko 19 urtez azpiko Espainiako txapeldunordeak. © EBF

Maider Santxo boleibol-jokalari getxoztarrak bere balorazioa eman du apirilaren amaieran Bizkaiko Foru Aldundiak banatu zituen Bizkaia Kirolak Sarien inguruan. Oinarrizko kirolean egindako lana eskertzeko garaikurren erdia baino gehiago eroan zuten kirolari uribekostarrek, tartean Santxok berak.

Bizkaia Kirolak Sariak garaikurren eskualdeko irabazleak honako hauek izan ziren: kirol indibidualean, Xabier Pereda Elordui, Getxo Karate Klubeko kidea; bikotekako kirolean, Maider Santxo Soto eta Kattalin Garcia Lopategi, Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko partaideak; talde-kirolean Ane Ibarrondo, Maggy Musons, Naia Ibarrondo eta Arrate Lopez, Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkarteko 4x50 errelebo libreko taldea; eta entrenatzaileen artean, Asier Elorduy Pintado, Getxo Karate Klubeko teknikaria.

Bilboko Miribilla auzoko Bizkaia frontoian egindako ekitaldian beste hauek ere izan ziren sarituak: oinarrizko kiroleko epailearen modalitatean, Iban Martinez Barredo; erakundeen artean, Javi Conde Basauriko Egokitutako Atletismo Kluba; eta, azkenik, zuzendaritzako pertsonalaren kategorian, José Antonio Goirigolzarri "Litri" Gaztedi sokatira-taldeko kidea.

Maider Santxo Soto (Barakaldo, 2000) boleibol-jokalari getxoztarraren arabera, saridunen erdia baino gehiago uribekostarrak izatea ez da kasualitatea: "Uste dut Uribe Kostan garrantzi handia ematen zaiola kirolari". Santxok nabarmendu duenez, ekimen asko antolatzen dituzte berton eta kirola "sano bultzatzen da". Berbarako, "Faduran badaude mota denetako kirolak eta, normalean, bertan entrenatzen duen jendea oso ondo ibili ohi da Espainia mailan, ez bakarrik hemen". Errugbi-taldea eta arraun-taldea aipatu ditu, zerrenda luze baten hasiera modura.

Kirola eta ikasketak

Beraren ustean, "ia Getxoko talde denak oso goian dabiltza Espainia mailan". Testuinguru horretan, Santxok eskertu du Bizkaia Kirolak Sariak bezalako ekimenak izatea, "kirolariak laguntzen dituztelako". Bere kasuan, ez zuen aurtengo saria espero: "Kristoren ezustekoa izan zen". Hala ere, gehien harritu zuena galara joan eta bertan hainbeste kirolari eta jende ikustea izan zen: "Baziren ere Getxon egiten diren eta nik ezagutzen ez nituen kirol batzuetako ordezkariak". Santxok dio Bizkaia frontoian ohartu zela "zenbat kirolari dagoen, eta kirolak zenbat jende mugitzen duen, gala guztiz beteta egon zen eta". Dena den, sariek lagundu arren, kirolaria da ahalegina egin behar duena, Santxoren iritziz.

Getxoztarra "urduri" dabil, Bigarren Batxilergoa amaitzen eta selektibitatea prestatzen, Aixerrota institutuan. Orain erronkatzat dauka "ikasketak kirolagaz bateratu ahal izatea, udari begira. Laster bukatuko dut selektibitatea eta egunero entrenatzen hasiko naiz, udan ahalik eta txapelketa gehien irabazteko". Azaldu duenez, "behin selektibitatea bukatuta, hasiko naiz gogor entrenatzen. Buruan kirola egitea bakarrik daukadanean askoz errazagoa da emaitzak lortzea, hori bakarrik daukadalako: atsedena hartu eta entrenatu, atsedena hartu eta entrenatu, hala errendimendua askoz hobeagoa da", gaineratu du.

Zortzigarren urtea du boleibolean lehiatzen, eta joan den urtetik hondartza-boleibolean espezializatu da, "nahiz eta biak jokatzen ditudan". Gurago du udan kirola egitea, baina badaki horrek desabantailak ere badauzkala: negu osoa entrenatzen eta jokatu barik egon beharra dago, udan baino ez lehiatzeko. Hala, pistako eta hondartzako boleibola "kirol oso ezberdinak" direla dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun