Getxo Saskibaloi Taldeak udako campuserako izen-ematea zabaldu du

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 11a, 11:00
Getxo Saskibaloi Taldearen artxiboko irudia.

Zorioneko daude saskibaloi-denboraldi osoa gutxi iruditu zaien 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutil getxoztarrek. Izan ere, euren kirol gogokoenaz disfrutatzen hasi ahal izango dute uda, Getxo Saskibaloi Taldeak antolatutako campusean.

Klub getxoztarrak campusa egingo du Itzubaltzeta/Romoko Gobela kiroldegian eta Romo ikastetxean. Instalazioen zazpi zelai dituzte, bai mini-basketen eta bai saskibaloian jokatzeko. Gainera, igerilekua eta dutxak ere badaude. Entrenatzaile eta jagoleei dagokienez, klubak azaldu du lantaldea osatuko dutela kirol-teknikoek, entrenatzaile tituludunek, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean lizentziadunek, Heziketa Fisikorako Magisteritzako diplomadunek eta eskarmentua duten begiraleek.

Gobelan eta Romon saskibaloi-jardueratan emango dute denbora gehien neska-mutilek. Hala, norbanako teknika hobetu ahal izango dute baloia kontrolatzen, botatzen, pasatzen eta jaurtitzen. Taktikari dagokionez, erasoa landuko dute, 2x0 eta 3x0 egoeratan. Ez dira horiek jorratuko dituzten konbinazioak, ohikoak diren 1x1, 2x1, 2x2 eta 3x3 egoerak bi aldeetatik ikusiko baitituzte umeek, eraso-egilearen eta defendatzailearen ikuspegitik. Azkenik, zenbait sariketa aurreikusi dute antolatzaileek: jaurtiketa libreena, baloi-erabilpenarena eta 3x3 partiduena. Horretaz gainera, bestelako jarduera batzuk eta zenbait txango izango dira.

Bost txanda

Topaketa bost txandatan banatu dute: ekainaren 25etik 29ra eta uztailaren 2tik 6ra, 9tik 13ra, 16tik 20ra eta 23tik 27ra. Bertan bazkaltzea aukeran egongo da, eta, horren ondorioz, umeek ordutegi ezberdinak izan dituzte. Denak sartuko dira 08:30ean, baina etxean bazkalduko dutenek 14:30ean aterako dira eta campusean egingo dutenek, ostera, 17:00etan.

Inskripzioak Kiroletan Sport enpresaren webgunean egin daiteke, online. Dena den, horregaz gainera bankuan diru-sarrera egin beharra dago. Prezioa orokorra da 120 euro txandako, bazkari barik, edo 170 euro bazkariakaz. Bestalde, hainbat neba-arreba batera izen-ematekotan deskontuak daude, zenbait txandatarako inskribatuz gero gertatu legez. Azkenik Getxo Saskibaloi Taldeko jokalariek ere aparteko deskontua izango dute.

Zalantzarik izanez gero, honako bideak jorratu daitezke: admin@kiroletansport.info posta elektronikoa edo 657 773 523 eta 946 085 933 telefonoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun