Lehiaketa Serbiako hiriburuan jokatuko da, Belgraden. Kopa prestatzeko asmoz, Gironan dago Díaz, Espainiako selekzioagaz Banyoleseko errendimendu handiko zentroan.
Munduko Kopan hiru proba egiten dira: lehenengo egunean, sailkatze estropadak izaten dira; bigarrenean, finalerdiak jokatzen dira; eta hirugarren egunean, finalak. Díaz oso itxaropentsu dago urteko lehenengo txapelketa garrantzitsu horregaz, sasoi betean baitago honez gero. "Maila fisikoan eta teknikoan asko hobetu dut eta uste baino hobeto aurkitzen dut nire burua. Hilabete honetan test bat egin dut ergometroagaz eta errekorra egin dut. Orain, ergometroko test hori uretara eraman beharra dago, baina oraingoz behintzat, zantzuak onak dira", aipatu du getxoztarrak. Gogor dabil prestatzen lurralde kataluniarreko kontzentrazioan, egunero bi edo hiru entrenamendu-saio eginez.
Iazko sailkapena hobetu guran
Iaz Raspaseko skiff-kirolaria bederatzigarren izan zen Kopa horretan eta aurten finalean sartzea espero du, orain arte egin dituen markak aintzat hartuta. Halere, helburu oso zaila izango da, gainontzeko kirolarien maila handia baita, skiff-modalitatean. "Urteko lehen proba garrantzitsuan, baina, inoiz ez da jakiten lor dezakezun edo ez, ez baita ezagutzen nork hartuko duen parte eta arraunlarien sasoia zalantzazkoa baita", gehitu du.
Munduko Koparen ostean, Virginiak honako txapelketa hauetan parte hartuko du: ekainean, Banyoleseko Espainiako Kluben Txapelketan eta Bartzelonako Mediterraneoko Jokoetan; abuztuan, Europako Txapelketan; eta irailean, Mundukoan.
Virginia Díazek hobetu gura du iaz egindako denboraldiaren emaitza; hamaikagarren lekuan amaitu zuen iazko sailkapenean. Hala, aurten zortzi onenen artean sailkatu gura du.