Uribe Kostara ailegatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Getxora hain zuzen. Kanporaketa bi egin ziren domekan, biak ere Fadurako kiroldegian, eta aurrekoetan bezala seina bertsolarik jardun zuten.
Eguerdiko 12:00etan hasi zen lehenengo saioa. Arrigorriagako Peio Ormazabal eskuratu zuen puntu gehien: 170. Josu Landeta getxoztarra bosgarren izan zen, 150,5 puntu lortuta. Arratsaldean, ostera, Eneko Abasolo "Abarkas" iurretarra suertatu zen garaile, 175 puntu jasota.
Bezperako saioan, Elorrion, Uribe Kostako beste bertsolari batek parte hartu zuen: Aitor Esteban urduliztarrak. Bigarren egin zuen Estebanek, epaileek emandako 159,5 puntuei esker. Irabazleak, Ander Elortegi gernikarrak, 178 lortu zituen.
Datorren aste-akabuan ere Uribe Kostara etorriko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Erandiora hain zuzen. Domekan, hilak 20, egingo da, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean eta 17:30an hasita; horixe izango da Udabarri Faseko azken-aurreko kanporaketa. Eskualdeko ordezkari bi izango dira bertan: Paule Loizaga sopeloztarra eta Galder Bilbao "Txapi" algortarra.