Ciudadanosek idazki bat erregistratu du, Errusiako Munduko Futbol Txapelketako final-zortzirenetako eta ondorengo partiduak eman ditzaten, kultur etxeetan eta Getxo Kirolak udal-erakundeko areto nagusian. Gainera, Espainiako selekzioa sailkatuko balitz, euren partiduak hobestea eskatu du alderdi laranjak.
Munduko txapelketa ekainaren 14an estreinatuko du Errusia eta Saudi Arabiaren arteko norgehiagoka. Hurrengo egunean, Portugalek neurtuko ditu bere indarrak Espainiaren aurka; biak dira B taldearen buru izateko faboritoak. Multzo bereko beste talde biek, Marokok eta Iranek, egun berean jokatuko dute elkarren aurka. Gutxienez beste partidu bitan zelairatuko da Espainiako selekzioa: ekainaren 20an, Iranen kontra; eta hilaren 25ean, Marokoren aurka. Txapelketaren final-zortzirenak ekainaren 30ean hasiko dira.
"Kontu arruntena"
Santiago Sainz zinegotziaren ustean, "Espainiako beste herri denetan ohikoa da Udalak pantailak instalatzea edo guneak egokitzea udalerriko auzokideek euren selekzioa ikusi ahal izan dezaten; kontu arruntena da hori. Guk horixe gura dugu, normaltasuna; ez dugu ulertzen zergatik Getxok salbuespena izan behar duen. Ekimen errealista eta egingarria da, ia kostu ekonomiko bakoa".
Alderdiak salatu duenez, "Espainiak futbol-lehiaketaren batean parte hartu duenean, Getxon Udal Gobernuak muzin egin izan ohi dio auzokideen alderdi garrantzitsu baten eskaerari: partiduak ikusteko pantailak edo guneak ipintzearena". Sainzek azaldu duenez, Getxoko Ciudadanos udal-taldeak hori aldatzea gura du. Gainera, bere ustean, "hori bezalako ekimenek balio bikoitza daukate, alde batetik kirola sustatzen delako eta, beste aldetik, ikusleei ematen zaizkielako elkarlana eta ahalegina bezalako balio sozialak".