Imanol Landa alkateak eskerrak eman dizkio PPri, "akordioak lortzeko negoziazio honetan zehar erakutsi dituen borondate eta asmo onarengatik, betiere udal aurrekontua onartzeko xedez. Begi bistan dago aparteko akordioa dela hau, daukan irismenagatik eta Getxon honelakoak ez direlako batere ohikoak. Udalerri honentzat oso ikuspegi eta egitasmo ezberdinak ditugu hiru indar politiko hauek, baina, hala eta guztiz ere, elkarguneak aurkitzeko ahalegina egin dugu. Gaur ahalegin hori nabarmendu nahi dut. Azpimarratu nahi nuke honek erakusten duela, beste behin ere, bakoitza beretik abiatu arren, ados jartzeko gai izan ahal eta behar dugula Getxoren onurarako, gure herriak aurrera egin dezan eta bertako bizilagunen bizi-kalitateak hobera egin dezan".
Landak legegintzaldi hau "akordioen legegintzaldia" dela esan du; EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioagaz hasi zen, 2016ko aurrekontuko akordiorako EH Bildugaz adostutakoagaz jarraitu eta, orain, popularrakaz egindakoa.
Eduardo Andradek (PP) "historikotzat" jo du akordioa eta nabarmendu duenez, bere alderdiak "egonkortasuna bermatzen du Getxon, estrategikoak diren proiektuak desblokeatzen ditu, akordio hau barik bidera ezinak izango zirenak, eta gure auzokideen beharrei erantzuna ematen diena".
Zentzu horretan, adostutako hainbat jarduera nabarmendu ditu, besteak beste, Neguriko antzineko geltokia eskualdatzea eskatzea hori birgaitzeko eta etorkizuneko erabilera argitzeko, edukiontzi berrietan pedalak jartzea, komun publikoak jartzea edo konpontzea, eta Fadurako frontoietako aldagelak eta komunak zaharberritzea.
27 oinarri HAPO osatzeko
Egindako akordioak oinarrizko printzipioak islatzen eta definitzen ditu, hurrengo legegintzaldiaren hasierarako Getxoko HAPO berriaren dokumentua sustatu eta edukitzeko, hau da, dokumentua izapidetu eta onesteko.
Akordioan 27 puntu definitzen dira. Haien artean:
- Biztanleria mantentzea, horrek eskatzen duen etxebizitza publiko eta pribatuaren beharrari erantzunez.
- Lurzorua eraldatzeko aurreikuspena, hurrengo belaunaldien bizi-kalitatea baldintzatu gabe, eta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen arteko oreka bermatuz.
- Etxebizitza hutsek eskaintzen dituzten aukerak aztertzea, eta eraikitako egoitza-ondarea hobeto eta gehiago erabiltzeko bide ematea.
- Gaur egungo hiri-lurzoruaren mugakide diren lursailen garapenari lehentasuna ematea, batik bat metro geltokien inguruetan daudenei. Horrek ekarriko du Getxoko auzoko zoru urbanizagarriak desklasifikatzea eta mugikortasuna sustatzea, garapen horiek konektatuta geratuko baitira dauden garraiobide eta sareekin.
- Udalbatzak 2010eko irailaren 23an onetsi zuen adierazpen instituzionalean Getxoko Andra Mariko bizilagunakaz hartutako konpromiso instituzionalei eustea.
- Bizi-kalitate handiko bizileku-hiriaren profila udalerri aktibo, dinamiko eta ekintzailearen apustuagaz osatzea.
- Jarduera ekonomikoetarako gune bat sortzea, hiriko ehunduran integratua, Mariturrin. Barruan hartu behar ditu egoitza erabilera eta Zubilletako ibai parkea, Gobela ibaiaren Egokitzapen Hidraulikoaren eta Ingurumen Hobekuntzaren proiektuan jasotakoa.
- Korridore ekologiko bat sortzeko aukera sustatzea (Gobela ibaiaren ibilguaren erriberak eta hezegunea), eta uraren kalitatea eta baliabide hidrikoen kudeaketa hobetzea.
- Eremu libreak hiri-parke berrien sorreragaz osatzea.
- Ikuspegi transbertsal berriei ekitea, hala nola genero ikuspegia, klima aldaketa, osasuna edo euskara, planaren gogoetaren barruan txertatu behar direnak, hirigintza inklusiboaz, irisgarritasunaz, baliabide naturalen aprobetxamenduaz eta abarrekoez gain.
Beste akordio batzuk
Adostutako akordioen artean honakoak daude: Neguriko geltoki zaharraren jabetza Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko eskatzea; errefusaren edukiontzietan pedala jartzea, edo orain dagoen tapa eskuaz altxatzea saihesteko beste sistema bat; txakurrak aske edukitzeko parke bat (esperientzia pilotu bat); komun publikoen instalazioan aurrera egitea; bidegorrietan hainbat elementu instalatzea abiadura mugak seinaleztatzeko; QR bilaketa kodeak adinekoentzat; zeliakoentzako laguntzak; etorkizunean udalerriko merkataritza-guneak indartzea; udalerriko merkataritzako elkarteen ehundurari babes ekonomiko handiagoa ematea; laguntza ildo berri bat abian jartzea Getxon establezimendu berriak jartzea errazteko eta sustatzeko; Udal Diru Laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusitako ohiko urteroko berrikuspenean mantentzea; haur parkeren bat estaltzea eta Fadurako frontoietako aldagelak eta komunak 2018an zaharberritzea, 300.000 euroko zenbatekoan, eta frontoien proiektua aurkeztea aurten.
EH Bildu: "Edukirik gabeko antzezpen baten aurrean gaude"
Aurreko hiru alderdiek sinatutako akordioa gogor salatu du koalizio abertzaleak. Dioenez, proposamen horrek murrizketak ezartzen ditu gizarte politiketan, "eta gainerako arloetan ez du ezer aldatzen, Alkatetzan salbu, bere aurrekontua handituz".
EH Bilduk deitoratu du aurrekontuak "kontinuistak" direla, "hobekuntzarik gabekoak". "EAJk aurrekontuak eskuin espainolaren alderdi interesen menpe jarri ditu, joko zelaia beste instituzio batzuetan baitute. PPk argazkia lortu nahi du, ez ditu buruan getxoztarrak. Baina kalteak Getxok sufrituko ditu. Horren adibide dira Itzubaltzeta/Romoko Nagusien Etxearen defentsan egun itxialdian dauden edadetuak", adierazi du koalizio abertzaleak.
HAPOari lotuta hartutako erabakien aurrean, EH Bilduk uste du paktu horrek gizarte desberdintasunean eta porlanean oinarritutako herri eredua lortuko duela.