Atzo sinatutako akordioaren helburua da itsasoari, irristatzekoei zein uretako kirolei lotutako zerbitzu eta produktu berriak diseinatzen sustatzea. Ekitaldian parte hartu zuten Ignacio Uriarte Ekonomia Sustapeneko zinegotziak eta Jokin Garatea Ocean Living Lab klusterraren presidenteorde eta Gaiako Nazioarteko Saileko zuzendariak; Euskal Elektronikaren eta Informazioaren Teknologien Industrien Elkartea da Gaia.
Ignacio Uriartek adierazi zuenez, Getxok 2020rako ekonomia sustatuko duen estrategiaren baitan sartzen da zenbait enpresak sortzea: kirolaren eta ongizatearen teknologiak eta industriak zein horiei lotutako turismoa jorratzen dutenak, besteak beste. "Ekintzailetza eta enpresen sendotzea bultzatzen gabiltza, honako hauek oinarri hartuta: aholkularitza, profesionalizazioa, dinamizazioko ekintzak eta laguntzak, lan-espazioak eta funtsezkoak diren tokiko eragileen zein udalerriaz gaindiko eragileen arteko topaketak zein elkarlana", azaldu zuen zinegotziak. Hala, kirolaren eta turismoaren industrien barruan, Getxo "garapen ekonomiko jasangarria gauzatzeko aukera ugari eskaintzen dituen udalerria" delakoan dago: "erreferentea da kirolean, turismoan eta bereziki bere kokapen geografikoagatik; hala, itsasoa oso garrantzitsua da, aberastasuna eta enplegua sortzeko helburuagaz garatu beharra dagoena".
Ocean Living Lab
Bestalde, Jokin Garateak gogorarazi zuen Ocean Living Lab (OLL), "mugaz gaindiko espazioa dela, mundu osoan erreferentea dena eta itsasoari, irristatzekoei zein uretako kirolei lotutako produktu zein zerbitzu berriak diseinatzen dituena".