Sakonean

Munduko transbordadore eseki zaharrena, sasoi betean

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 24a, 13:23

Bizkaia Zubiak 125 urte beteko ditu aurten.

Getxo eta Portugalete artean dagoen zubi eseki transbordadoreak 125 urte bete ditu aurten. Mota horretako zortzi azpiegitura daude munduan, eta Bizkaikoa da zaharrena, baita hoberen kontserbatzen dena ere.

Bizkaia Zubia eraiki aurretik, eta denbora luzez, arrauneko bidaiari-ontzien bidez lotzen ziren Ibaizabalen bokalearen alde biak. Ohikoa izaten zen nekazariak alde batetik bestera ontziotan bidaiatzen ikustea, inguruko plazetako azoketara hurreratu guran. Portugaleteko sardinerak ere izaten ziren itsasadarraren ertz horretan protagonista, erriberan batutako auzokideei portura heldutako produktu freskoak oihuka eskaintzen zizkietenak. XIX. mendearen akabutik aurrera, ostera, zubi eseki baten bitartez egin daiteke itsasadarraren alde bien arteko joan-etorria, eta munduko txoko denetatik etorritako turistak eta bertako auzokideak biltzen dira inguruotan gaur egun, altzairuzko erraldoiaren handitasunak erakarrita.

Industria-iraultzaren ondoren, burgesek lekukoa hartu zieten arrantzaleei eta nekazariei Ibaizabalen bokalearen alde bietan. Portugalete Bilboko burgesiaren topaleku bilakatu zen. Garai horretan ere, apurka-apurka, Areetan udaldia igarotzeko etxeak eraikitzen hasi ziren, baita hainbat bainu-etxe ere. 1881ean tranbia heldu zen auzo horretara, eta 1887an trena. Urtebete geroago, 1888an, Bilbotik Portugaletera zihoan trenbidea ireki zuten. Egoera horretan, nukleo urbano berri bi horiek lotzea beharrezkotzat jo zuten garaiko agintariek, eta erronka horri heldu zion Alberto Palacio Elissague arkitekto eta ingeniari bizkaitarrak. Hainbat baldintza bete behar zituen lotune berri horrek: pasaiariak eta zama eroateko aukera egotea, industrializazio betean itsasadarrean zehar egoten zen ontzien garraio etengabea ez oztopatzea, eta eguraldi kaskarra zegoenean ere zerbitzua bermatzea. Hori betetzeko, askotariko aukerak aztertu zituen Palaciok, baina aukera horiek denak baztertu eta bere proiektua garatzea erabaki zuen azkenean: zubi eseki transbordadorea.

Aurrea hartzen

Palacio ez zen izan halako proiektu bat sortzen lehena: Scientific American aldizkariak J.V. Morse ingeniariak diseinatutako New York eta Brooklyn (AEB) arteko Zubi Eseki Transbordadore baten proiektua argitaratu zuen 1869an, eta 1873an Charles Smith ingeniariak Middlesbrough eta Port Clarence (Ingalaterra) arteko proiektua pentsatu zuen. Dena dela, ez bata eta ez bestea, ez ziren 1893ko uztailaren 28a baino lehen gauzatu. Egun horretan bertan inauguratu zuten Bizkaikoa, eta berau izan zen munduko lehena.

Garai hartako gizartearen ordezkari nagusiak hurbildu ziren arkitekturaren artelantzat jotzen zuten azpiegitura berritzaile hori beren-beregi ezagutzera. Zubiaren egurrezko lehen bagoi hura etengabe ibili zen egun horretan lehen klaseko eta bigarren klasekoak alde batetik bestera eroaten; lehenak estalitako jesarlekuetan jarrita, eta bigarren multzokoak gurdi, merkantzia eta animaliakaz banatu beharreko estali gabeko zatian. Ordutik, zerbitzua etengabe eskaini du zubiak, urtean 365 egunean eta egunean 24 orduetan. Bere historia osoan, lau urtez baino ez da egon geldi transbordadore esekia, Espainiako Gerra Zibilak eragindako zaurien ondorioz. Abiazio italiarrak hainbat alditan bonbardatu zuen azpiegitura, kalte larririk eragin gabe. Baina 1937ko ekainean, tropa nazionalak heltzear zeudela, Ingeniari Militarren batailoiak itsasadarra zeharkatzeko aukera eskain zezaketen baliabide denak suntsitzeko agindua jaso zuen, Francoren tropak igaro ez zitezen. Hala, hil horren 17ko goizaldean, zubiko kable parabolikoetako sehaska lehertu zuten, Getxoko aldean. Francoren erregimenak bere gain hartu zituen berreraikuntza lanak eta 1941ean berriro martxan ipini zen zubia. Jatorrizko diseinutik aldentzen diren aldaketa garrantzitsu bi egin zituzten soilik, habean eta esekitze-sisteman hain zuzen. Ordutik, zerbitzu etengabea eskaintzen duen garraio publiko bakarretarikoa da inguruan, eta beraren azpitik tamaina handiko zein txikiko askotariko ontziak ibiltzen dira egunero.

Bakarrak munduan

Bizkaia Zubia industria-iraultzaren garaiko monumentu handienetako bat da. Eta aro horren erakusgarri zutunik dirauen bakarretarikoa. Bizkaikoaren ondoren, mota horretako hogei zubi inguru eraiki ziren munduan, baina horietatik denetatik, Bizkaia Zubiagaz gainera, beste zazpik bakarrik diraute: Rochefort (1900) Frantzian; Newport (1906), Warrington (1908) eta Middlesbrough (1911) Erresuma Batuan; Osten (1909) eta Rendsburg (1913) Alemanian; eta Buenos Aires (1915) Argentinan. Horiek denak monumentu kultural izendatuta daude euren herrialdeetan. Hala ere, denetatik Bizkaikoa nabarmendu beharra dago. Zubi eseki transbordadorerik zaharrena da, asmakizunaren patentea dauka eta, esan beharra dago, denetan ederrena da, baita hobereen kontserbatu dena ere. Hala, 1984an, monumentu historiko-artistiko izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak; 2002an, Europa Nostra saria jaso zuen; eta 2006an, Gizateriaren Munduko Ondare izendapena eman zion UNESCOk. EAEko mundu-mailako lehenengo ondarea izan da zubia, baita aitortutako lehenengo industria-ondarea espainiar Estatuan ere.

Munduko zubien topaketa, uztailean

Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena ospatzen dabiltza aurten. Arduradunek azaldu dutenez, helburua da ahalik eta bisitari-kopuru handiena erakartzea. Ekitaldien agendan Munduko Zubi Transbordadoreen Kongresua sartu dute, uztailean, hain zuzen ere. Horretan parte hartuko dute gaur egun Frantzian, Ingalaterran, Alemanian eta Argentinan dauden zazpi zubien arduradunek. Urteurrenak, bestalde, bidea emango du programak, proiektuak eta sareak martxan ipintzeko, industria-turismoa bultzatuko dutenak, Bizkaia Zubiaren eta EAE osoaren inguruan, epe ertain-luze batean, arduradunen arabera. Zentzu horretan, urteko azken hiruhilekoan Industria Turismoaren Foroa egingo dute, Eusko Jaurlaritzaren eskumenez. Izan ere, «Gure ondarea: zeinetan iragana etorkizunarekin topatuko den» lemapean ospatuko dute Kultura Ondarearen Urtea 2018an. 125. urteurreneko sustatzaileek herritarrak animatu gura dituzte bertako kultura-ondarea ezagutzera, estimatzera eta horregaz konprometitzera. Horrez gainera, zubiaren ingurua kultura-, kirol- eta festa-ekitaldietarako agertokia izango da urte osoan zehar. Hainbat erakundek antolatutako ohiko programazioa oinarritzat hartuta, herritarrek askotariko ekintzez gozatu ahalko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun