Euskaraldia

Euskara kalera ateratzeko Berbodromoa egiten dabiltza Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 24a, 14:35

Talde txikitan euskaraz berba egiteko aukera ematen du Berbodromoak, artxiboko irudia.

Areetako goizeko saio bien ondoren, arrastian Algortara egingo du salto Berbodromoa euskaraz elkartzeko guneak. San Nikolas plazan jarri dute hitzordua, 19:00etan.

Berbodromoa egitasmoa egiten ari dira gaur, hilak 24, Egizu elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren babesagaz. Berbodromoaren helburuak dira, besteak beste, euskara kalera ateratzea eta bere erabilera indartzea, euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea eta euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari aukera horiek ematea. Azken finean, euskara eta euskaraz konpartitzea.

Saioak hiru hitzordu izango ditu. Goizean, txanda bikoitzean, 09:00etan eta 11:00etan, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan aulkiak egon dira taldeak egiteko; taldeak zenbakiakaz zehaztu dira eta bost lagunez osaturik egon dira, dinamizatzaile bat eta beste lau lagun (euskara dakien jendea euskara ikasten ari denarekin elkartuta); taldeko partaideak ordu beteko tartean aritu dira berriketa lasaian, interes orokorreko hiru gairi buruz: oporretako planen eredua, kontsumo ohituren aldaketak eta "Euskaraldia 11 egun euskaraz" egitasmoa indartzeko bideak (gai bakoitzarentzat hamabost minutu izan dira). Berriketa berriro egingo da 19:00etan, Algortako San Nikolas plazan.

"24 ordu euskaraz"

Aurten Berbodromoa Getxon "24 ordu euskaraz" ekimenaren egitarauaren barruan kokatu dute. Mila pertsona baino gehiagok eman dute izena parte hartzeko. Egun osoan zehar, selfiak egiten ari dira,  688 653 042 telefono zenbakira bidali eta sare sozialetan zabaltzeko, #Getxo24euskaraz traola erabiliz. Bidalitako selfiak 20:00etan Algortako San Nikolas plazan amaiera ekitaldian proiektatuko dira. Ajuria tabernatik hasita kantu-jira poteoagaz amaituko da ekimena, Itxar kantu, Itxas Argia eta Itzubaltzeta kantuz-eko lagunakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun