Asier García, Hanburgora eta Tokiora begira

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 24a, 14:04

Asier García, zuriz, artxiboko irudian. © ESPAINIAKO KOMITE PARALINPIKOA

Asier García Pereiro Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi-taldeko kideak erronka berria dauka jo-puntuan. Jokalari paralinpiko getxoztarrak Hanburgoko munduko txapelketa jokatuko du abuztuan bere taldeagaz. Euroligako eta ligako txapeldunordea da García.

Asier Garcíak oso denboraldi ona egin du: bere kluba txapeldunorde izan da ligan eta Euroligako hitzordu handian ere bigarren postuan bukatu du; Galatasaray talde boteretsuak baino ezin izan du gainditu.

Garcíak azaldu duenez, "ondo aritu izan gara. Txapelketa ona egin dugu eta partida oso onak jokatu ditugu, baina, beste alde batetik, triste gaude eta zapore garratza geratu zaigu finala galdu eta gero. Esaten dute finalak irabazteko jokatzen direla eta guk galdu egin genuen, horregatik apur bat minduta gaude, baina seguru denborarekin beste era batera ikusiko dugula dena".

Bere ustean, "urte ezberdina izan da entrenatzailea aldatu genuelako eta zalantzakaz hasi ginelako. Sistema ezberdinetara moldatu behar izan genuen baina denboragaz hobera egin dugu. Gabonetatik aurrera uste dut taldearen joera ona izan dela, gora egin duela, eta Euroliga unerik egokienean heldu zela, denboraldi hasieran planteatu genuen moduan". Jokalariak uste du taldearen eta jokalarien erantzuna "egokia" izan dela eta aurrerantzean ere holakoa izatea eta datorren urtean ere pausoak ematen segitzea espero du.  

Hala, Euroligak Bilbon eta Bizkaian oihartzun mediatiko "garrantzitsua" izan duelakoan dago: "gero eta jende gehiago dator" partiduak ikustera. Finalean mila pertsona baino gehiago zeuden kiroldegian, "erabat beteta zegoen, gizarteak ondo erantzun duela uste dut", dio Garcíak.

Liga eta Euroliga bukatuta, abuztuan Hanburgoko Wilhemsburger Inselpark Arenan jokatuko duten munduko txapelketa izango da denboraldiko hurrengo helburua getxoztarrarentzat: "Hautatzailea aldatu dute; iaz Europako txapelketan lortutako bosgarren postuak zapore gazi-gozoa utzi zigun,  Joko Paralinpikoetan zilarra lortu baikenuen, baina orain itxaropentsu nago eta gogotsu. Hautatzaile berriak behin betiko zerrendan sartzea eta nire bigarren munduko txapelketa jokatzea espero dut. Badakigu oso zaila izango dela eta munduko selekzio eta jokalari onenek parte hartuko dutela bertan”.
 
Garcíarentzat hurrengo erronka munduko txapelketa izan arren, epe ertainera Asierrek badu beste helburu bat: 2020ko Tokioko Jokoak. Halere, jokalaria ez dago erabat ziur horretaz: "Oraingoz Tokio 2020ra heltzea dut helburu; ez dakit fisikoki eta mentalki iritsiko naizen. Dena den, iristen saiatzeko planteamendua egin dut. Ilusioa badut eta heltzea espero dut”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun