Maiatzaren 24an gogoratzen da Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko eguna eta Euskal Herriko Mugimendu Feminista deialdi desberdinak antolatzen ari da. Izan ere, diotenez, asko izan dira gerra, armagintza eta kolonialismoaren aurka, feminismotik egindako ekarpenak: Greenham Common (Eskozia), Wipnet (Lieria), Abya Yalako Defesorak...
Euskal Herrian ere badago abiapuntu historikorik: NATOren aurka sortutako mugimendutik hasi eta momentu koiunturaletan berraktibatutako uholdetxoak badu ikuspegi feminista, antimilitarista eta antikoloniala. Horri, pasa den abenduaren 16ko protestaldia gehituko behar zaio, Bilboko portutik (Santurtzi) ateratzen zen armagintza eta arma salmenta eten nahian.
"Santurtzikoa lorpen txikia izan bazen ere (gogora dezagun arma-esportazioa Santanderreko portura eraman dutela), arazoaren iturburuak badirau eta asko dira Euskal Herrian armagintza enpresak nahiz gerra-helburuekin egiten diren ekoizpenak", adierazi dute feministek. "Gainera, gerrak eta armadak heteropatriarkalak, inperialistak, kolonialistak, kapitalistak, arrazistak... dira; gure lurralde, gorputz eta bizitzekin amaitzen dute (gure gorputzak gerra-arma bilakatzen dituzte eta oso ohikoak izaten dira bortxaketa masiboak, esaterako) eta emakumeonganako* indarkeria areagotzen dute; genero/roll sistemaren adierazpenik agerikoenetarikoak dira, emakumearen menpekotasunaren bermatzaile eta sistema patriarkalak indarkeria behar duenaren adierazle garbia; interes ekonomikoen mesedetan daude, emakumea* bigarren plano, biktima edota ikusten ez den paperean kokatzen dutelarik...", gaineratu dute.