Topaketa 18:30ean izango da, Algortako Fadurako ostalaritza zentroan. Hainbat adituk parte hartuko dute horretan, eskola-mailan elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeak duen garrantziaz aritzeko, ikuspegi ezberdinen bitartez.
Izan ere, Juan Bautista Zabala LHI-ko Esther Irastorzak eta Nuestra Señora de Europa ikastetxeko Maite Massanak, Getxoko ikastetxe horietan egiten ari diren nutrizio-hezkuntzako esperientzia garrantzitsu bi aurkeztuko dituzte. Horiez gainera, Askora enpresako Iratxe Casadok Mahi-Mahi proiektua ezagutzera emango du; hau da, 2017ko Service Design Award sarietan finalista izandakoa, jantokiak diseinatzeko metodologia berria proposatzen duena, ohitura osasungarriak bultzatzea errazteko. Gainera, topaketan, maila akademikoko, profesionaleko eta instituzionaleko osasun-arloko espezialistak biltzea aurreikusten da, ikuspegi zientifikoa emateaz gainera, Eusko Jaurlaritza gai horren inguruan abian jartzen ari den planen berri emateko.
Getxo Elika Getxoko Udaleko Ekonomiaren Sustapeneko arloak eta Getxo Kirolak-ek bultzaturiko ekimena da, Peñascal Kooperatibagaz batera, eta helburuetako bat da ekoizleak, industria, merkataritza, ostalaritza eta herritarrak barne izango dituen komunitate bat sentsibilizatzea eta sortzea Getxon.
Elkarrizketa Osasungarriak ekimeneko saioak doakoak dira, baina joan behar izanez gero, mezua bidaltzea gomendatzen da helbide honetara: kaixo@getxoelika.eus. Informazio gehiagorako: www.getxoelika.eus.