Lehenengo proiekzioa "video-mapping" bat izango da eta, bitartean, Andres Isasi Musika Eskolako ikasle eta irakasleek soinu-banda ipiniko diete eraikinaren fatxadan ikusgai egongo diren irudiei. Bigarren saioan, aldiz, udalerriko eta bertako jendearen irudi historikoak proiektatuko dira.
Getxoko Udalak adierazi duenez, "muntaia bisualak izaera oroitarazlea izango du eta arte digitaleko irudien bitartez hauexek islatuko ditu, besteak beste: udalerriko paisaia, historia, arkitektura-ondarea, kultura, herri-ospakizuna eta izaera. Halaber, Getxoko kultura-eragile eta taldeek egindako lana ere erakutsiko da irudien bitartez".
Getxora doan gazte abenturazalea izango da kontatuko den istorioaren ardatza; eta hori abiapuntu gisa hartuta, ikusleek udalerriko iraganera, orainera eta etorkizunera bidaiatuko dute. Udalak azaldu duenez, "gure udalerriko paisaia materialari zein jendeari dagokionez bereizgarriak diren elementuen bitartez, eta askotariko animazio-teknikez baliatuz, bertaratutako herritarrekin konektatzen saiatuko da proiekzioa, oroimenean luzaroan iraungo duen sentsazioa sortuz".
Horretarako, musika-atalak "garrantzi berezia" izango du. Izan ere, bisuala ez ezik, musikala ere izango da egingo den bidaia, "Getxoko musika-panoraman nolabaiteko toki berezia duten doinu ugari joko baitira". Andres Isasi Musika Eskolako 30 instrumentistak eta 10 kantarik osatutako taldeak eskainiko du musika. Hala, adin guztietako irakasle eta ikasleek zazpi zatitan banatutako pieza joko dute; "zati bakoitzak sonoritate desberdina izango du eta askotariko soinuak islatuko dira: tradizionalak, neoklasikoak eta gaur egungoak diren beste zenbait, hala nola jazza eta rocka".
Trafikoa eta argiak
Ekitaldia dela eta, Aurrezki kutxa eta Ezequiel Agirre kaleetako trafikoa itxiko dute, 21:30ean (azken horretan autobusek soilik zirkulatu ahal izango dute); baina, bertan dauden garajeetara sartu edo irten ahal izango da. Gutxi gorabehera handik bi ordura berriz irekiko da zirkulazioa, ikuskizuna hasi eta gero. Gainera, ikuskizunaren ezaugarriengatik, Santa Eugenia plazako eta inguruetako argi publikoak amatatuko dituzte; ekitaldia amaitutakoan piztuko dira berriro.