Iturriek azaldu dutenez, emakumeak aluminio-paperaz forratutako zorroa zeraman. Hala, berak produktuak poltsan sartzen zituen bitartean, gizonezkoak lapurtutakoaren balioa apuntatzen zuen telefonoan, 400 euroko diru-balioa ez gainditzeko. Izan ere, zifra horretan ezartzen du zigor-kodeak delitu arinaren eta lapurreta delituaren arteko aldea.
Oraingoan, ebatsitako produktuen balioaren dezimalen erruz, lapurtutakoa 403 eurora heldu zen. Hori dela eta, bikotea atxilotu eta epaitegira eraman zituzten.
Zorroaren metodoa asko erabiltzen dute merkatalguneetan eta luxuzko lurrin-dendetan ebasteko. Poltsaren barrualdea aluminiozko paperagaz estaltzen dute; oraingoan erabilitako zorroak 8 paper-orri zituen, detektagailutik pasatzean ez jotzeko alarmak.
Teknika horrek poltsa prestatzeko trebetasun handia eskatzen du eta, kasu honetan, oso ondo eginda zegoen, iturrien arabera. Lapurrek oso ezaguna den marka bateko zorroa erabili zuten, atentzioa ez emateko eta andrazkoa oso dotore jantzita zegoen inor ez ohartzeko, iturri polizialen arabera.
Badira aste batzuk, merkatalguneetan eta horien inguruetan Getxoko Udaltzaingoak prebentziozko segurtasun-lanak areagotu dituela. Oraingo honetan, polizien interbentzio arinak lapurrak harrapatzea, atxilotzea eta epaitegira eramatea erraztu zuen.