Etxebizitzari buruzko proposamenak kalera aterako ditu Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 5a, 17:08
Nerea Guijarrubia zinegotzia ikusbide izango diren panelak erakusten. GETXOKO EH BILDU

Getxo udalerrian bizi duten "etxebizitza-arazoari" aurre egiteko diseinatu dituen neurriak kalera aterako ditu EH Bilduk, gaur, bihar eta etzi. Erakusketa ibiltariari 18:00etan hasiera emango diote, Algortako Telletxe plazan.

Bihar, Bidezabalen egongo dira, Borobian, 18:00etan; eta amaitzeko, eguenean, Itzubaltzeta/Romo-Areetako auzokideek Getxoko EH Bilduren proposamenak ezagutzeko aukera izango dute, Xake plazan, 18:00etan.

Hala, Nerea Guijarrubia zinegotziak azaldu duenez, modu grafikoan partekatuko dituzte herritarrekaz, "gure udalerrian bizi dugun etxebizitza-arazoari eraginkortasunez aurre egiteko hainbat neurri". "Egoera honi buelta ematea ezinbestekoa da, hainbat kolektibok modu larrian pairatzen baitituzte bere ondorioak. Besteak beste gazteek, familia bakarrek, emakumeek, pertsona migratuek…", salatu du ezkertiarrak.

Hiru dira landu dituzten ildo nagusiak: alokairuaren sustapena, etxebizitza-eredu berrien beharra eta ordenantzetan barneratu beharreko neurri fiskalak. Alokairuari dagokionez, hainbat dira proposatzen dituztenak: jabeen eta maizterren artean bitartekaritza gauzatuko duen zerbitzu bat, alokairuaren indize publikoa ezartzea, etorkizunean eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitza denak alokairura soilik bideratzea…

Etxebizitza-eredu berriei dagokionez, "gure ustez premiazkoa da ohiko eskemetatik ihes egitea eta elkarbizitza sustatzea", azaldu du Guijarrubiak. Hala, "etxebizitza kolaboratiboak" eta "etxebizitza lagunkoiak" dauzkate buruan. Lehenengoek gazteen emantzipazioari erantzungo liokete, komunitatearen alde lan egitearen truke etxebizitza eskainiz; eta bigarrenek, ostera, kolektibo ezberdinen arteko elkarbizitza sustatuko lukete, tartean gazteena eta edadetuena.

"Amaitzeko, neurri fiskalak aipatu behar ditugu, etxebizitza eskubidea subjektiboa izanik hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko gainkarga ezartzea ezinbestekotzat jotzen baitugu", esan du Getxoko EH Bilduko bozeroaleak.  

Etxebizitza Udal Erakundea

Neurri guzti horiek martxan ipintzeko, Getxoko EH Bilduren ustez, egokiena litzateke Etxebizitza Udal Erakundea sortzea, "giza-baliabideak beharrezkoak baitira arlo guztiak koordinatzeko eta emantzipaziora eta komunitate-gastuen ordainketara bideratuko diren diru-laguntzak ateratzeko".

Erakusketa honen bidez, euren proposamenak partekatu gura dituzte herritarrakaz. "Udalak etxebizitzaren arloan kontzientziazio lana egin beharko lukeen arren, ezin gara zain egon. Horregatik gaurdanik getxoztarren esku utziko ditugu gure proposamenak. Horregaz batera, erakusketan zehar herritarren ekarpen eta iritziak jasotzea gustatuko litzaiguke", amaitu du Guijarrubiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun