Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen eraikinean itxialdia abiatu zuten, maiatzaren 16an, nagusien etxea lekuz aldatu ez dezaten. Sindikatuek mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Udal-erakunde getxoztarrean gehiengoa daukaten sindikatuek gogoratu dutenez, Ibar Nagusien Etxea elkarteak "urteetan eginiko lan eskerga babestua eta aldarrikatua izan da" udal-batzarrean, lau mozioen bidez; azkenengoa, maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Bertan, langile-erakundeek azpimarratu dutenez, honakoa aldarrikatzen da: "Udalak beharrezkoak diren giza- eta material-neurriak hartuko ditu ohiko jardunagaz segitu ahal izateko".
Gauzak honela, sindikatuei "zaila" egiten zaie "ulertzea" EAJren eta PSE-EEren udal-gobernuak behin eta berriro adierazten duen "burugogorkeria", "hartutako erabakiak ez betetzeko". "Esan dute eraikuntza ez da botako udalbatzaren adostasuna izan arte; baina, nagusien etxean eskaintzen diren zerbitzuak astiro-astiro Romo Kultur Etxera eroaten dabiltza, esan eta egiten dutenaren arteko lotura hautsiz", kritikatu dute ELAk, CCOOk, LABek, USOk eta SVPEk.