Umeen kontrako sexu-indarkeria salatuko dute ekainaren 24an Algortan

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 6a, 17:33

BILBO HIRIA IRRATIA

"Haurren kontrako indarkeriarik ez!" plataformak manifestazioa egingo du Algortan, ekainaren 24an, domekan. Mobilizazioa Telletxe plazatik aterako da, 13:00etan, "Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!" lelopean.

Manifestua:

Haurren kontrako sexu-indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!

Manifestu hau sinatu dugun erakundeok haurren kontrako indarkeria patriarkala salatu nahi dugu. Haurren kontrako bortizkeria patriarkalak baditu dimentsio ezberdinak: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu-abusuak. Indarkeria aldaera anitz horien zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei.

Sexu-gehiegikeriei dagokienean, eguneroko errealitate dira gurean; esaterako, salatzen diren sexu-abusuak kontuan hartuta, hamahiru urtetik beherako lau neskatotik batek eta zazpi mutiletik batek jasan ditu noizbait bere bizitzan. Hala ere, egoera horien inguruko datuen eskasia salatu ohi dute behin eta berriz gehiegikeria horiek pairatu dituzten haur eta nerabeen elkarteek. Sexu-abusua jasan duten haurrek gehienetan bere erasotzailea ezagutzen dute: %90etan hurbileko senidea da. Europako kontseiluak berak, “bostetatik bat” kanpaina abiatu du, haurren eskubide urraketa larri honen aurrean dagoen ikusezintasunari aurre egiteko asmoz.

Errealitate gordin honen aurrean begiak zabaltzeko ordua heldu zaigu, zer dela eta ez dira ezagutzen, salatzen, epaitzen eta kondenatzen kasu hauek guztiak? Bost haurretatik batek indarkeria sexuala jasaten badu, zenbat erasotzailerekin batera elkar bizi gara gure inguruan? Galdera gordinak dira, babes mekanismo bezala jendartean saihesten saiatzen garenak.

Indarkeria sexistak duen dimentsio zabal honen gotorlekua patriarkatuaren oinarria den familia nuklearra da. Horren oinarriak hauek izango lirateke: heterosexuala; maskulinitatearen plazerera eta bizitzara egina; etxeko gizonak izango dute boterearen monopolioa (aita, osaba, aitona);produkzioa eta erreprodukzioaren arteko banaketa sistemikoa, etab. Familia-eredu hori eta horren gertuko sarea bera dira, gehienetan, errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku.

Haurren aurkako indarkeria kasuetan orokorrean, batetik, erasotuaren zaurgarritasun egoera dela eta bestetik, gehienetan erasotzailea familiakoa edo ingurukoa delako, haurraren hitza ez da kontuan hartzen, ez zaio sinesten. Zehazki, sexu-abusuen kasuan, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen, eta ailegatzen diren horiek, trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre: haurrak sexu-abusua egon dela demostratu beharko du sistema judizialaren aurrean (edozein adinekoa dela), testigua gehienetan ama izan ohi da eta amen hitza zalantzan jartzen da sistema judizialaren egitura patriarkala dela-eta. Batetik, amak sexu-abusuak jasan dituzten bere seme-alabak manipulatu dituela argudiatuta, eta epaitegian gezurra esan duela iritzita, seme-

alaben zaintza kentzerainoko prozesuak daudelako, gaur gaurkoz. Bestetik, epaitegietan, kasu horietan dagoen geldotasuna kontuan hartuta, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten delako. Hori horrela izanda, emakume askok ezin izaten dute prozesuarekin segi, baliabide ekonomikoen faltan. Azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketen kasu gehienak artxibatu egiten dira.

Bestalde, prozesu judizialei dagokionean, kasuen %13an soilik burutzen da aldez aurretik eratutako froga delakoa, adin txikikoen berbiktimazioa ekiditzen duena. Gainera ez da adin txikikoei moldatutako teknika zehatzekin egiten, horregatik ez da eraginkorra izaten.

Larria da nola zerbitzu publikoen eragiteko protokoloak berak erasotzaileen absoluziorako argumentu juridiko bezala erabiltzen diren. Alde batetik, derrigorrezkoa da haurrarekin ospitalera doan tutorea esplorazioan presente egotea. Normalean amak izaten dira joaten direnak, baina aldi berean, epaitegien arabera froga kutsatutzat hartzen da ama bertan dagoelako.

Guzti honengatik erakundeek bermatzen duten legitimazioa salatzen dugu, gure jendartean errotutako mekanismo eta sinismen atzerakoi eta patriarkalen isla direlako, bereziki adin txikikoen kasuetan hartzen duen izaera bortitza kontutan hartuta.

Indarkeria honi guztiari jendarte bezala erantzutea beharrezkoa da.... gure inguruan gertatzen diren kasuen aurrean begiak zabaldu eta hausnartu.  Horregatik, manifestazioa deitzen dugu ekainaren 24an, 13:00etan, Algortako Telletxetik,"Haurren kontrako sexu-indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez!" lelopean.

Txikitxu zuen egia gurea eginez, guk sinisten dizuegu!

Manifestazioa babestu duten eragileak beheko kartelean ikus ditzakezu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun