2016an, Mariano Rajoyren inbestidurak eragin zuen PSOEren barne-gatazkan paper handia jokatu zuen Celaák, Etika eta Bermeen Batzordeko presidentetzatik. Sánchezen alde lerrokatu zen, baina ez zuen lortu idazkari nagusia arduran mantentzea. 2014an izendatu zuten batzorde horren presidente eta gaur egun, ardura horretan segitzen du, iazko ekainean Batzar Federalak berretsi ondoren.
Areetarrak Hezkuntza sailburu jardun zuenean zenbait aldaketa sustatzeari ekin zion. Besteak beste, hiru eleko eredua eta euskal gatazkak sortutako biktimak eskoletara joateko programak bideratu zituen. PPk sustatutako LOMCE erreformaren aurka izan da hasieratik, eta, intsumisiora jo barik, horren aurka egiteko neurriak defendatu izan ditu.
Celaá Filosofian, Filologia Ingelesean eta Zuzenbidean lizentziaduna da, baita Hezkuntza eta Literatura Ingelesean katedraduna ere. Irlandako kulturagaz ere loturak ditu, Belfasten eta Dublinen bizi izan delako.
Areetarrak EHUn egin du behar denbora luzez, eta Leioako campuseko Liburutegi Nagusiko arduraduna izan zen, besteak beste.
1998 eta 2016 bitartean, legebiltzarkidea izan zen hainbatetan; José Ramón Recalde sozialistaren taldeko burua izan zen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean, 1991ean.
Ondoren, Fernando Buesaren Hezkuntza sailburuordea izan zen, EAJ eta PSE-EEren koalizio-gobernuan, 1991-1995 bitartean. Hurrengo hiru urteetan, 1998ra arte, Ramon Jauregiren kabinetea gidatu zuen Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantzan.
Lizarra-Garazi akordioaren eta Ibarretxe planaren ostean, PSE-EE Eusko Jaurlaritzara bueltatu zen, Alderdien Legeari eta PPren sostenguari esker, EAJ bertatik aterata. Hala, Celaá ere Gobernura bueltatu zen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu postuan, Patxi López lehendakari izan zen garaian, 2009ko maiatza eta 2012ko urria bitartean.