"Getxo, hiri berdea" izeneko ekimena joan den martitzenean hasi zen, eta hilaren 11ra arte iraungo du. Gai horren harira, José Luis Landa Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "Getxo gero eta berdeagoa eta bizitzeko eta lan egiteko leku hobea izan nahi duen hiria da, hiri batek ingurumenaren aldetik duen kalitatean eragina duten alderdi guztiak landuz: airea, ura, zarata, natura, mugikortasuna, bioaniztasuna, hondakinen kudeaketa, etab".
Horretarako, beharrezkoak dira gizarteko eragile guztien eta herritarren ekintza eta lankidetza, zinegotziaren iritzian. "Ingurumen Sailetik zenbait informazio eta partaidetza ekintza antolatuko ditugu, ingurumenaren aurreko gure sentsibilitatea eta kontzientzia garatzeko eta etorkizun iraunkorreko ikuspegia konpartitzeko", aurreratu du.
Bestelako jarduera batzuk ere proposatu dituzte: pasealdiak, argazki irteerak, ingurunea zaintzeko borondatezko ekintzak eta baita tailerrak ere, landareei eta elikadura naturalari buruzko informazio tailerrak eta umeei bereziki zuzendutako birziklapenari eta ingurumenaren errespetuari buruzko eskulan tailerrak. Jarduera horiek denen helburua da Getxoko ingurune naturala hobeto ezagutzea eta baloratzea.
Plastiko gutxiago kontsumitzeko aholkuak
Udalak diptiko bat prestatu du non, antolatutako jarduerez gain, elkarrizketa bat ere jasotzen duen Marion de La Portegaz, ekintzailetza arduratsurako Sinplástico.com kooperatibako bazkide sortzailea.
Elkarrizketan, besteak beste, plastiko gutxiagogaz bizitzearen abantailei buruz berba egiten du. Horregaz batera, plastiko gutxiago kontsumitzeko hainbat aholku ere gehitzen ditu:
- Ez erosi plastikozko botiletan dagoen ura.
- Berrerabil daitezkeen poltsak erabili erosketak egiteko.
- Plastikozko gehiegizko bildukinik ez duten elikagaiak aukeratu.
- Ontziratu gabeko produktuak erosi.
- Kartoian edo beiran bildutako produktuak aukeratu.
- Ahaztu plastikozko lastotxoak eta erabili eta botatzeko plastikozko mahai tresnak eta ontziak.
- Tuperren ordez kristalezko edo altzairuzko ontziak erabili.
- Ez erabili plastikozko filmik sukaldean.
- Ez aukeratu erabili eta gero botatzen diren kafe kapsulak.
Programa, egunez egun
Gaur, eguenean, gozogintza osasungarriari buruzko tailerra egingo dute familia osoarentzat, eta bertan "El ovillo azul" ipuina kontatuko dute. 18:30ean izango da, Itzubaltzeta/Romoko Errekagane kaleko Hamaiketako txokoan (derrigorrezko inskripzioa).
Hilaren 8an, barikuan, loreak plastikoaren truke emango dira Algortako Telletxe plazan, 12:00etan. Eta Villamonteko kultur etxeak, 19:00etan, plastiko gutxiagogaz bizitzen ikasteko tailer praktikoa hartuko du, Marion de La Portek emango duena (derrigorrezko inskripzioa).
Zapatuan, hilaren 9an, hiru jarduera antolatuko dira: hegaztien eraztunketa, Bolue hezeguneko ponpa-etxean, 08:30etik 13:00etara etengabe (eguraldi txarra eginez gero bertan behera geratuko da); Getxoko zuhaitzak ezagutzeko ibilbidea, Basozaleak elkarteko gidariakaz, 11:00etan, Areetako Xake plazatik irtenda (derrigorrezko inskripzioa); eta umeentzako birziklapen tailerrak, 18:00etan, Algortako Telletxe plazan.
Domekan, hilak 10, ingurumeneko borondatezko ekintza antolatu da, espezie inbaditzaile exotikoak kentzeko eta Azkorriko txilardiak berreskuratzeko proiektua ezagutzeko, 09:30ean, Bateriako aparkalekuan (derrigorrezko inskripzioa); horrez gainera, pasealdi geologiko gidatua egingo da, Aixerrotatik Azkorrira, 10:00etan -Aixerrotako aparkalekuan irteera-; eta argazki pasealdia ere izango da, nor bere argazki-kamaragaz, Iñaki Oñate argazkilari profesionalak lagunduta, 10:30etik aurrera, Portu Zaharreko Etxetxu plazatik abiatuta (bi ibilaldietarako derrigorrezkoa da inskripzioa).
Azkenik, hilaren 11n, astelehenean, 19:00etan Romo Kultur Etxean, "Bag it: ¿tu vida es demasiado plástica?" dokumentalaren emanaldia eskainiko da, lurreko eta itsasoko ekosistemetan eta gizakion gorputzean plastikoak dituen eraginei buruzkoa.
Argibide gehiago: www.getxo.eus/getxoberdea.